Heroes urria 31, 2007
Egilea: letrerok Atala : Jakintzaren Planetan , iruzkinak itxitaAupaa letrerooos ta ez letreroook!
zelan bizia? Gu ikasi eta ikasi (hori esan behar Korok hau irakurtzen duenerako)
Ba gaurkoan Heroes telesailaren trailerra uzten dizuet! Merezi du ikusteak!
Ondo seegi!
GOAZEN LETREROK! GOAZEN TXAPELDUN!
[esNaL]
Argazkiak erakusteko aukera erraza urria 30, 2007
Egilea: magic Atala : Jakintzaren Planetan , iruzkinak itxita
Denok dakigu Flickr argazkiak gordetzeko eta partekatzeko zerbitzu bikaina dela eta bere APIa erabiliz, bere inguruan sortu diren era guztietako aplikazioen erabilgarritasuna ez dut uste zalantzan jarriko dugunik.
Gaur, horietako bat aurkeztera natorkizue, izan ere, gure blogetan argazkiak argitara emateko erraztasun ikaragarriak ematen baitizkigu. Zerbitzuaren izena Slideoo da eta jarraian azalduko ditudan urrats sinple batzuk ematea besterik ez dugu egin beharko gure blogean “slide” dotore bat jartzeko.
Hasteko, zure erabiltzaile izena sartu eta “Use your sets” (nahi duzun argazki albuma hautatzeko) edo “Your photostream” (zure argazki guztietatik hartzeko) hautatu beharko duzu. Behin hori egin eta gero, kargatzen hasiko da (nahiko azkar egiten du hau). Jarraian, slide horri eman nahi diozun zabalera zehaztu beharko duzu, portzentajea edo pixelak erabiliz. Bukatzeko, argazkiak zein neurrian erakutsi nahi ditugu hautatu eta “Create your Slideoo” sakatu. Berehala izango duzu slide hori zure aurrean eta berau blogean sartzeko behar duzun kodea. Minutu batean zure argazkiak ikusgai dituzu aurkezpen dotore batez zure blogean.
Anari: “Etorkizunari buruz pentsatzen dut pentsatu nahi ez dudala” urria 30, 2007
Egilea: uperez Atala : Jakintzaren Planetan , iruzkinak itxitaAnari Alberdi Azkoitian jaio zen 1971an. Gurasoek pianoa ikastera animatu zuten; halere, berak nahiago zuen bateria eta gitarra. Horregatik, ikasle garaian, bateria eta gitarra erosi eta bere lehen abestiak konposatu zituen. Pisukide batek ingeniaritza eskolan kontzertu bat egin behar zuela eta, bertan igo zen lehenaldiz agertoki batera. Bere lehen lana Anari 1997an argitaratu zuen, oso kritika onak jasoz. Bigarren diskoak, 2000.ean argitaratutako Habiak, rockera hurbiltzen du azkoitiarra. Oraingoz azkena den Zebra diskoan (2005) berak konposatu ditu abestiak eta hauen estiloa folk eta rocken artekoa da.

Arratsaldeko lau eta erdiak inguru izango ziren Ordiziako tren-geltokian Anariren zain nengoenean. Ez zen egun eguzkitsua, baina eguraldia ez zen txarra. Itxaroten ari nintzen bitartean, ikaskide batzuekin berbetan egon nintzen eta, hamar minutu igaro ondoren, hantxe agertu zen Anari bere furgoneta urdinean. Urte bat elkar ikusi gabe geunden eta besarkada handi bat eman nion. Ondoren Maite, euskarako irakaslea, agertu eta bere etxerantz abiatu ginen elkarrizketa egitera.
Anari azkoitiarra da eta hemen, Ordiziako Jakintza ikastolan, gaztelania eta frantseseko irakasle da, nahiz eta aurten beste zeregin batzuetan egon. Zuretzat zer da garrantzitsuagoa, irakasle izatea edo abeslari?
Garrantzitsuagoa, dudarik gabe, abeslaria. Niretzat irakaskuntza lana da. Egun batzuetan gehiago eta besteetan gutxiago gustatzen zaidana edo batzuetan hobeto eta besteetan okerrago egiten dudana, baina lana. Nik beti esaten dut loteria tokatuko balitzait, ez nintzatekeela lanera joango, baina bai abestera.
Orain abestea izugarri gustatzen zaizu, baina txikitatik izan al duzu abestea gustuko?
Ez. Nire amak hori esaten dit batzuetan: “Zu nondik nora hasi zara abesten?” Ni txikitan gehiago nintzen kirola egitekoa, baina solfeoa eta pianoa ikasten hasi nintzen besteak ere hasi zirelako, seguru asko, eta han jarraitu nuen. Baina niretzat erreferentzia ez dago txikitan, gehiago gaztetan dago. Gaztetan hasten naiz musika gehiago entzuten, eta nire gogoko musika entzuten hastea izango da musika egitera eramango nauena.
Noiz igo zinen lehenaldiz agertoki baten gainera?
Unibertsitateko azken urtean pisu batean bizi nintzen Jon Maia eta beste batzuekin -uste dut zure ikaskide batek egin diola Jon Maiari elkarrizketa- eta Jonek laguntzen zidan abestien hitzekin. Kontua da, pisuan bertan abesten nuela eta jotzen nuela. Egun batean, pisukide batek ingeniaritza eskolan kontzertu bat egin behar zuen eta ni abestera gonbidatu ninduen. Ez dakit nola, baina baietz esan nion eta bertan kantatu egin nuen. Gutxi gorabehera orain dela hamaika urte izan zen.
Zeintzuk izan ziren zure lehen inpresioak?
Ez dakit egoera horretan inpresiorik izaten den ere! Lehenengo kontzertua ez duzu bizitzen urduri jartzen zarelako, eta nahi duzun bakarra bukatzea da hasi denetik. Egia da, nire lehen kontzertua jendeari asko gustatu zitzaiola eta handik beste bi kontzertu atera zitzaizkidala. Beste bi kontzertu horien ondoren, gainera, diskoa grabatzeko aukera izan nuen. Beraz, zerbait atera zen handik baina nik ez nuen bizi izan zerbait ederra bezala…
Ba al duzu asko gustatzen zaizun kantarik?
Musikagile izateaz aparte, musikazale amorratua naiz. Niretzat zaila izango litzateke bat aukeratzea. Kanpoko musika asko entzuten dut, bakarlari asko, eta hemendik gustukoenak Mikel Laboa eta Ruper Ordorika ditut. Baina ez dakit zein kanta aukeratu eta atzerrikoekin ere hala gertatzen zait. Ez nuke jakingo kanta bat esaten, baina asko entzun ditut Jon Waits, Neil Young, Nick Cave… zaila da abesti bat aukeratzea.
Nola sortu zenuen zure musika taldea?
Markinako kontzertu batean, nik jo ondoren, Dut musika taldeak jo zuen. Niri Dut taldea asko gustatzen zitzaidan eta, batik bat, hango gitarra-jolea, bere jarraitzaile sutsua nintzen. Kontua da, lehenengo nik jo nuela eta bera etorri zitzaidala esatea asko gustatu zitzaiola. Nik esan behar nion ea nahi zuen nirekin gitarra jo eta, bitartean, bera etorri zen esanez ea nahi nuen berak nirekin gitarra jotzea… Honela lortu nuen gitarrista. Gero, bateria. Nirekin bateria jotzen duenak Fermin Muguruzarekin ere jotzen du, sasoi hartan Negu Gorriak taldean zeuden. Eta hark esan zion Fermin Muguruzari ez banuen bateria-jotzailerik berak joko zuela bateria nire diskoan eta halaxe sartu zen nire taldean. Askotan, bizitzan gauza txikietan aukeratzen duzu, nahiz eta zu ez konturatu, eta horrelako aukeraketa txikiek juntatzen zaituzte zu bezalakoa den jendearekin. Hori gertatzen da beste edozein arlotan eta musikan ere horrelaxe gertatzen da. Talde berdinak gustatzen zaizkigun jendearen artean sortzen da horrelako harreman berezi bat. Eta horrela sortu zen taldea. Azken bira bost musikorekin egin dut, teknikoa guretzat bat gehiago da, beraz, sei eta ni. Hortaz, zazpi izan gara taldean.
Hiru disko egin dituzu; azkenekoa, Zebra. Hiru diskoetatik ba al duzu gogokoenik?
Diskoekin eta abestiekin argazkiekin gertatzen dena gertatzen da. Zein da gehien gustatzen zaizun argazkia? Bada, beti azkena egiten duzuna. Ikusten baduzu orain dela zazpi urtekoa, adibidez, nahiz eta ikusten duzun hainbat gauza gustatzen zaizkizun, ez duzu zure burua errekonozitzen. Esaterako, nire lehen diskoa, Habiak, orain dela zazpi urte egin nuen eta portada ikustean, argazkiekin gertatzen zaidana gertatzen zait: ez dut neure burua errekonozitzen, hau da, nire ustez ni ez naiz jada hori. Alde batetik, gainera, musika dago; baina, bestetik, hitzak. Orain dela hamabi urte nik buruan nituen gauzak eta orain ditudanak ez dira berdinak. Edo berdinak dira baina beste era batera… Horregatik, askoz gehiago identifikatzen zara azkena egin duzunarekin, gertuago dagoelako denboran. Ni, orain, gehiago naiz Zebran dagoena, Zebran idatzita dauden testuak gehiago dira nireak edo gehiago dira ni, duela hamabi urtekoak baino.
Nola otu zitzaizun zure azken diskoari Zebra izena jartzea?
Abesti batetik ateratzen da izen hori, Zebra kantatik, eta Zebra kanta horrek azaltzen du zergatik den Zebra. Hala ere, aldaketa bati buruzko diskoa da. Batzuetan, zerbait gertatzen zaizu bizitzan, ona edo txarra, eta zu aldatu egiten zara. Baina gero konturatzen zara ez zarela hainbeste aldatu; agian, zuk beste era batera ikusten dituzu gauzak baina ez daude beste era batera, zure ikuspuntua da aldatu dena. Horri buruzko erreflexio bat da Zebra abestia eta, horretaz gain, asko gustatzen zitzaidalako jarri nion izenburu hori disko honi. Oso sugerentea da zebra hitza, marrak eta… Askorako eman du, egia esan, nik pentsatu nuena baino askoz ere gehiago. Jendeak idatzi digu eta bidali dizkigu zebra itxurako gauzak, etxe osoa daukat horrelakoez beteta. Jendeak gauza askorekin identifikatzen du. Etxe hau bezala…
Elkarrizketa hau prestatzen ari nintzela, webgune batean irakurri nuen disko honetan musika estiloa aldatu zenuela eta horretarako laguntza izan zenuela. Nola lortu zenuen laguntza hau? Eta norengandik?
Laguntza, ez. Disko honetan aldatzen dena da teknikoa, Karlos Osinaga “Txap”, laguna dena, alde batetik, eta, beste alde batetik, gitarrista. Lehen nuen gitarrista hainbat arrazoirengatik joan egin zen eta, honen ordez, beste bat jarri nuen. Nire ideia bi gitarrista sartzea zen. Batek ezin zuen eta, azkenean, beste batek hartu zuen. Horrek ekarri zuen nolabaiteko aldaketa, baina nik banuen lehendik ere estilo honetara joateko intentzioa. Nik musika asko entzuten dut, era askotako musika eta, alde batetik, abestia dago. Abestia da bera, gorputza. Gero, janzten duzunaren baitan aire bat edo beste bat hartzen du. Adibidez, pertsona bat trajez edo txandalez jantzita pertsona bera da, baina beste konnotazio batzuekin. Hori da abestiekin gertatzen dena. Orduan, ni momentu horretan musika mota hori entzuten ari nintzelako edo hitzak gordinagoak zirelako-edo, musika gordinagoa behar nuela pentsatu nuen.
Gutxi gorabehera zenbat denbora behar izan zenuen Zebra diskoa grabatzeko?
Grabatzeko inoiz baino denbora gehiago hartu genuen. Lehenengo bi diskoak estudio handietan egin genituen eta, garestiak zirenez gero, presupuestoari begira, astebeterako epea genuen. Azken disko hau, aldiz, Bonberenean, Tolosako gaztetxean, grabatu genuen. Bertan, estudio txiki bat dauka Txapek eta hor grabatu genuen. Merkeago zenez, hilabete eta erdiko epea genuen presupuestoari begira, eta patxada handiagoz egin genuen. Azkenean, hilabete inguru pasa genuen grabatzen. Hori, grabatzen bakarrik, noski; diskoa sortzea urtetako kontua baita.
Zer transmititu nahi duzu disko honekin?
Niretzat disko hau pasatu da, hau da, kadukatuta dago. Hala ere, disko batek ez du beti intentzio bat transmititu behar. Egia esan, ez dut inoiz pentsatu entzulearengan asko, baina benetan harrigarria izan dena da disko honek izan duen harrera, horrek harritu nau. Esate baterako, aurrekoan, Kilometroetan izan nintzenean, neska bat etorri zitzaidan esanez, nire kantak “pasada bat” zirela eta oso arraroa zela nire kontzertuetan gertatzen zena. Beste kontzertuetan, gai sozialak edo politikoak ukitzen direnean eta jende askok batera abesten duenean, normala da jendearen ahotsak indar handia hartzea, esaterako, publikoak “Intsumisioa” eta horrelakoak oihukatzen dituenean. Baina nire kontzertuetan jendeak sentimenduak oihukatzen ditu eta hori oso arraroa dela esan zidan. Eta niri ere oso arraroa iruditzen zait. Hori da benetan nik planteatu ez nuena, eta disko honek eman didana: jendearekin izugarrizko harremana eta jendeak nire kantak kontzertuetan nirekin abestea eta bereak izango bailiran hartzea. Ni, iaz, Jakintzan nengoela, 40 kontzertu eman nituen eta oraindik jarraitzen dugu kontzertuak ematen. Eta gaur, adibidez, taldekoak entseatzeko geldituta gaude, jendeak oraindik nahi duelako diskoa entzun… Zenbait jenderi, behintzat, sartu zaio barrura.
Jakintza ikastolako irakasle izan ondoren, zer egin duzu azken hilabete hauetan?
Ikasleak bezala, oporretan egon naiz. Azken hilabete eta erdi honetan, frantseseko klaseetara joan naiz titulua ateratzeko eta kantak idazten ari naiz, balizko diskoa edo… Eta horretan nabil, konposatzen, txakurra paseatzen eta frantsesa ikasten.
Zer pentsatzen duzu etorkizunari begira?
Pentsatzen dut ez dudala nahi pentsatu. Argi dago, orain, irakaskuntzatik parentesi batean nagoela eta uste dut denbora batean musikatik bizi naitekeela. Hala ere, irakaskuntzara bueltatuko naiz eta, horretaz gain, nik pentsatzen dut izango direla beste disko batzuk… Hori bakarrik ikusten dut. Noiz eta nola eta zer ez dakit…
Amaitzeko, eskerrak eman nahi nizkieke Anariri, alde batetik, Azkoititik elkarrizketa egitera etortzeagatik eta, bestetik, Maiteri bere etxean grabatzen uzteagatik. Aitortu beharrean nago lan hau atsegin handiz egin dudala; izan ere, elkarrizketa egiteko irrikaz bainengoen. Atseginez irakurriko zenutelakoan, azken diskoko Gu abestia eta elkarrizketaren bideoarekin hurrengora arte agurtzen naiz.
Potto Irrati birtuala abian da!!! urria 30, 2007
Egilea: Potto Atala : Jakintzaren Planetan , iruzkinak itxitaLaster Potto Irratiak emititutako saioak entzungai izango dituzue blog honetan. Datozen asteeetan, orain arte emititutako saio guztiak hemen izango dituzue entzungai. Bertan sartu, saioa aukeratu eta entzun! Horren erraza izango da!
Haritz Gardé: “Zorte handia izan dugu gertatu zaigunarekin eta disfrutatu beharra daukagu” urria 29, 2007
Egilea: al Atala : Jakintzaren Planetan , iruzkinak itxitaGaurkoan, Euskaljakintzarako mundu osoan ezaguna den bateria-jotzaile baten bila jo dugu, Haritz Gardé La Oreja de Van Gogh taldeko bateria-jotzailearengana, hain zuzen ere. 1976ko urtarrilaren 23an jaio zen Donostian eta geroztik bertan bizi da. Unibertsitatean zuzenbidea ikasten hasi zela ezagutu zituen orain bere taldeko diren Alvaro eta Pablo. Lagunak egin eta musika talde bat sortzea erabaki zuten. Duela hamar bat urte euren bizitza goitik bera aldatuko zuen zerbait gertatu zitzaien: lehen diskoa argitaratzeko aukera. Ordutik, ez dira gelditu eta ia mundu osoan egin dira ezagunak. Berarekin tartetxo bat egoteko aukera izan dugu eta hauxe da kontatu diguna…

Zerk bultzatu zintuen bateria jotzera? Zenbat urte zenituela hasi zinen?
Egia esan, beranduegi hasi nintzela uste dut, lehenago hasi banintz hobe. Hemezortzi urterekin hasi nintzen, ikasketekin batera. Zuzenbidea ikasten hasi nintzen eta lagun talde bat elkartu ginen. Musika gogoko genuen eta gutako batzuk gitarra jotzen genuen. Nik ez nekien bateria jotzen, baina nire aitak gaztetan jotzen zuen eta probatu nezakeela esan nien. Pixkanaka jotzen hasi nintzen, praktikatuz eta jendeari entzunez ikasten joan nintzen.
Zuen bira amaitu duzue. Zein asmo duzue orain?
Orain disko berria konposatzen ari gara. Entseatzen dugun lokalean egoten gara goizero. Bostak elkartzen gara eta bakoitzak bere ideiak proposatzen ditu. Azken finean, horretan gabiltza, kontzerturik gabe, konposatzeko orduan eraginik izan ez dezan. Abestiak ongi landuak egotea nahi dugu. Biran bagabiltza, gauzak presaka eta gaizki egiten baititugu. Horregatik gauzak patxadaz hartzea nahiago dugu.
10 urte daramazue talde bezala. Zein egoeratan aurkitzen zara? Asko aldatu zara pertsonalki zuen hastapenetatik?
Nik ez dut uste pertsonalki aldatu naizenik. Orain heldutasun gehiago daukat, hori bai. Gainera, gauza asko ikasi ditut urte hauetan. Taldeak bidaiatzeko zein leku, kultura eta jende berria ezagutzeko aukera eman digu eta horrek onerako aldatzen zaitu. Aberastu egiten zaitu eta zure bizitzan eragina du, dituzun gauzak baloratzeko orduan, jendea baloratzeko orduan eta tokatu zaiguna disfrutatzeko orduan. Beti esan dugu zorte handia izan dugula gertatu zaigunarekin eta disfrutatu beharra daukagu. Azken finean, nik uste horretan aldatu garela. Bestela, betikoak izaten jarraitzen dugu, Donostian bizitzen eta betiko lagunekin. Gauza da, orain jende gehiagok ezagutzen gaituela; baina, bestela, betikoak gara.
Espainia eta Hegoamerikako talderik arrakastatsuenetakoa zarete. Disko bat kaleratzeko orduan, onuragarri gerta dakizuekeela uste duzu, gehiago saltzeko, edo arazotsu, jendeak zuengandik gehiago espero duelako?
Beno, bada, beti da onuragarria, jendeak ezagutu egiten zaituelako, eginda daukazun bide bat da. Baina batzuetan, kaltegarria ere izan daiteke, ez baduzu jendeak espero zuena ematen. Disko batzuk saltzen dituzu, aurrekoa gustatu zaienek hau ere erosiko dutelako, baina jendeari ez bazaio gustatzen entzuten duenean, hori esanez joango da eta kaltegarria izan daiteke. Baina, beno, nik uste dut beti bezala lan egiten jarraitu behar dugula, dakiguna eginez eta, konposatzeko orduan, ez dugula pentsatu behar saldu behar dugun edo ez. Bestela, horretan gehiegi pentsatuko bagenu, blokeatu egingo ginateke eta ez litzaiguke zentzuzko ezer aterako.
Entzuna dut ‘Guapa’ diskoa italieraz ateratzeko asmoa duzuela. Europan ezagutzera emateko egiten duzue? Beste hizkuntzaren batean plazaratzea pentsatu duzue?
Bai. Bi abesti grabatu ziren italieraz, Dulce locura eta Muñeca de trapo. Italian jada atera dira eta, egia esan, ez da gauza handiegirik gertatu. Dena den, bai, gustatuko litzaiguke Europan sartzea. Izan ere, Hego Amerika eta Ipar Amerikan zehar ibili ondoren, hain hurbil daukagun Frantzian ere ibiltzea gustatuko litzaiguke. Baina, beno, gauza batzuengatik edo besteengatik, ezin du leku guztietan funtzionatu. Beraz, ez dizkiogu bira gehiago emango. Oraingoz, ez daukagu diskoa hizkuntza gehiagotan kaleratzeko asmorik; halere, eskatuz gero, agian egingo genuke, baina ez daukagu ezer pentsatua.
Hainbeste urte musika munduan ibili ondoren, izango duzue anekdotaren bat edo beste. Kontatuko al zenidake bakarren bat?
Anekdota asko daude. Tartetxo bat hartuko banu, ziurrenik gehiago gogoratuko nituzke, baina horrela bat-batean esateko ez dakit… Egun bakoitza anekdota bat da. Lehenengo diskoa ateratzea anekdota bat izan zen, guretzat esperientzia izugarria. Gero jendeari gustatu izana, diskoak saltzea, jendea kontzertuetara joatea… horiek guztiak guretzat anekdotak ziren eta izaten jarraitzen dute. Baina bakarren bat kontatzearren, behin Amaia eszenatokitik erori zenekoa. Abesten ari zela, eszenatokitik erori eta bertako jendeak lagundu behar izan zion igotzen, baina, egia esan, polita izan zen. Pablori ere gertatu zitzaion, baina ez zen jende aurrean izan. Jotzera atera aurretik egoten garen tokian izan zen, bera bakarrik geratu zen bere zauriekin, baina beno… Askoz ere gehiago izango ditugu, baina momentu honetan ez ditut gogoan.
Norbait ezagutzea edo norbait horrekin bizitzea ez da berdina. Argi dago, biran ibili zaretenean, elkarrekin bizi behar izan duzuela. ¿Nolakoa izan da esperientzia hori?
Nire ustez, oso aberasgarria. Lehen esan dudan bezala, jende eta herrialde berriak ezagutzea esperientzia handia da. Zurekin dauden lau pertsona ezagutzen dituzu eta, nire ustez, denok antzekoak izan gara, bostok geure gauza onak hartu ditugun zentzuan. Eztabaidak izan ditugunean, eztabaida horiek txiki egin izan ditugu, ez diegu garrantzi handirik ematen. Momentu horretan tentsioa egon bada, jakin dugu momentuko gauza izan dela eta ez da ezer gertatu. Horregatik, oso pozik gaude denok, bost lagun izaten jarraitzen dugu eta, hain ondo eramanda, gauzak beste era batera hartzen ditugu. Gainera, nik uste, gauzak hain ondo joatearen arrazoia dela dena asko hitz egiten dugula, dena denon artean erabakitzen dugu eta ez da bata bestearen gainetik nabarmentzen. Biran goazenean, dena eztabaidatu, hitz egin eta komentatzen dugu, baina, azken finean, adiskidetasuna da gure artean geratzen dena.
Zure alabaren jaiotzaren ondoren, zailago egin zaizu biran joatea?
Bai. Konplikatuagoa baino gehiago, gogorragoa esango nuke nik, bere falta izugarri sentitzen dut. Jaio zenean, hilabete Estatu Batuetan egotea egokitu zitzaidan eta lau edo bost hilabetera Hegoamerikan, eta egia esan oso gogorra egin zitzaidan. Eskerrak, orain, teknologia berriekin Internet daukagun. Honela, webcam-aren bitartez, hotelera iritsi orduko, konektatu egiten nintzen eta emaztea eta alaba ikusten nituen. Horrek eguna alaitzen zidan. Egia da asko sentitzen dela bere falta, zaindu behar duzun alaba bat, zerbait berria… ba, bai, bere falta izugarri sentitzen dut. Hiru ordu ikusi gabe zaudenean, haren hutsunean sentitzen duzu; beraz, hilabete batzuk kanpoan egonda askoz ere gehiago. Baina esaten nuen bezala, interneta egoteak asko errazten du eta hobeto eramaten da.
Abestiak egiteko orduan, hasieran erabiltzen zenuten metodoarekin jarraitzen duzue edo beste era batera egiten duzue orain?
Ez, berdin jarraitzen dugu. Lehen esan dudan bezala, entseatzen dugun lokalean, gainera betidanik izan dugu lokal bera. Betiko bostak, abestiekin borrokan. Beti, Xabi, Amaia edo Pablok ideiaren bat ekartzen dute eta hortik hasten gara zerbait sortzen, gauzak kenduz eta beste batzuk jarriz. Sony enpresak deitu zigunean, horrela egiten genuen eta, urte asko pasa ondoren, horrela jarraitzen dugu. Gaur arte funtzionatu du eta ez dugu aldatzeko arrazoirik ikusten. Gainera, ez dakigu beste era batera egiten, horrela egitea gustatzen zaigu eta horrela egiten dakigu.
Amaiak hainbatetan beste abeslari batzuekin abestu du, Mikel Erentxunekin ‘Lau teilatu’ abestiaren bertsioa, adibidez. Nola ikusten duzue hau taldean? Ongi iruditzen zaizue?
Bai. Gu oso pozik gaude. Guretzat ohore bat da gure abeslaria beste abeslari batzuekin ere ikustea, adibidez, Mikel Erentxunekin atera berri duen Lau teilatu abestia, benetan ederra geratu baita. Baina gu oso pozik, kolaborazio puntualak dira eta, gainera, gehienak laguntza eskatu digutelako izan dira eta guk lagundu badezakegu, ondo baino hobeto. Azken honetan, hain zuzen, Lau teilaturen bertsioa proposatu ziguten eta ideia ona iruditzeaz gain, asko gustatu zaigu.
Elkartzeko orduan, nola sortzen dituzue zuen abestiak?
Bada, bostak elkartzen gara eta denon artean deia ezberdinak osatzen joaten gara. Hamar edo hamaika abestiz osaturiko disko bat kaleratzen badugu, hogeita lau edo hogeita bost abesti egiten saiatzen gara. Beti geratzen baita konbentzitzen ez gaituen bat edo beste eta horrela egiten dugu. Batzuetan erritmo bat sortzen dugu eta probatuz abestiak sortzen ditugu, erritmo eta soinu ezberdinak sartuz. Hainbatetan funtzionatzen duhorrek eta beste batzuetan, ez. Gauza asko probatzen ditugu.
Zein aholku emango zenioke hasiberria den talde bati?
Egia esan, gu ez gara eredu egokiena, nik uste; izan ere, guk zorte handia izan baikenuen. Sony-ra maketa bat bidali genuen eta lehenengoan hartu gintuzten eta hori ez da ohikoena. Normalean, talde batek konpainia askotan utzi behar du bere maketa eta asko tematu. Beti esaten dugu, gustuko duzuna egin behar dela. Guk gustatzen zaiguna egiten dugu eta zorte handia izan dugu, konpainiak askatasuna uzten digulako. Ez goaz komertzialtasunaren bila; azkenean, komertziala suertatzen bada, hobeto, baina bestela ez zaigu axola. Jendeak diskoa gustuko badu, askoz hobeto; dena den, azken finean guri gustatzen zaiguna eta sentitzen duguna egiten dugu eta, nik uste, hori egin behar duela hasten ari den talde batek, bere abestietan sinetsi eta, batez ere, gozatu.
Izango al dugu La Oreja de Van Gogh hemendik 10 urtera?
Espero dezagun baietz; nik hala uste dut. Esan dudan bezala, orain disko berria konposatzen ari gara, gogo ikaragarriz, eta nik uste dut izango garela hemendik 10 urtera, espero dezagun, behintzat. Gainera, oso ondo eramaten gara denok eta oso ondo pasatzen dugu elkarrekin. Eta hori gutxi balitz, jendeak, oraingoz, abestiekin gozatu eta ongi pasatzen du. Espero dezagun hemendik hamar urtera horrela jarraitzea, gutxienez orain daukagun arrakastaren erdia izango bagenu… baina, beno, zenbat eta gehiago orduan eta hobeto, jendeak utzi arte guk disfrutatzen jarraituko dugu.

Eta halaxe amaitu zen gure elkarrizketa. Benetan eskertzen diot Haritzi niretzat tartetxo bat hartu izana. Euskaljakintzako irakurleoi besterik ez, elkarrizketa gustuko izan baduzue, hementxe uzten dizuet bideoa ikusgai. Erdaraz izan zen, baina, nire ustez, merezi du ikustea. Hurrengora arte!
Wikipedia Euskaraz Blai: euskarazko wikipedian zientzia-edukiak sortzeko lehiaketa urria 27, 2007
Egilea: sei Atala : Jakintzaren Planetan , iruzkinak itxita
Berandu bada ere, ez dut hain interesgarria iruditzen zaidan lehiaketa honen berri emateko aukera galdu nahi. Interesgarria diot, euskal wikipedia zabaltzen laguntzeaz gain, sarean hain urriak diren euskarazko zientzia edukiak loditzen ere mesedea egingo duelako. Sariketa hau 2007ko Zientzia Astearen edizioaren barruan antolatu da (ikus arauak) eta, aipatu dugun bezala, helburu nagusia Wikipedia euskaldunentzat zientzia-edukiak sortzea da. Deialdia DBH, Batxilergo eta Lanbide Heziketako ikasle eta irakasle zein Unibertsitateko ikasle eta publiko orokorrari zuzendua dago. Izena emateko epea urriaren 15ean zabaldu zen eta dagoeneko parte-hartzaile ugarik dihardu lanean (ikus zerrenda osoa).
Ekarpenak aurkezteko epea 2007ko azaroaren 4an, 24:00etan, amaituko da. Hala eta guztiz ere, antolatzaileek adierazi duten moduan, Wikipediaren barneko funtzionamendua kontuan harturik eta azken orduko arazoak saihesteko asmoz, ekarpenak hilabetean zehar egitea gomendatzen da.
Sari banaketa 2007ko azaroaren 7an egingo da, Wikipediaren sortzailea den Jimmy Wales ekitaldiaren buru izango dela. Dena den, azken berriak jakiteko, onena Zientzia Astea 2007 bloga bisitatzea duzue. Amaitzeko, parte hartzeko gonbidapena luzatzearekin batera, animatze aldera, sarien zerrenda uzten dizuet:
10 ordenagailu eramangarri
- 2 DBHko ikaslentzat
- 2 batxilergo edo lanbide heziketa ikasleentzat
- 2 DBHko irakasleentzat
- 2 batxilergo edo lanbide heziketa irakasleentzat
- 1 unibertsitateko ikasleentzat
- 1 publiko orokorrentzat
8 kanoi digital ikastetxeetarako (lehenengo 4 kategorietan bakarrik)
- 2 DBHko ikaslentzat
- 2 batxilergo edo lanbide heziketako ikasleentzat
- 2 DBHko irakasleentzat
- 2 batxilergo edo lanbide heziketa irakasleentzat
WIKIPEDIA EUSKARAZ BLAI: euskarazko wikipedian zientzia-edukiak sortzeko lehiaketa urria 27, 2007
Egilea: Maite Atala : Jakintzaren Planetan , iruzkinak itxita
Berandu bada ere, ez dut hain interesgarria iruditzen zaidan lehiaketa honen berri emateko aukera galdu nahi. Interesgarria diot, euskal wikipedia zabaltzen laguntzeaz gain, sarean hain urriak diren euskarazko zientzia edukiak loditzen ere mesedea egingo duelako. Sariketa hau 2007ko Zientzia Astearen edizioaren barruan antolatu da (ikus arauak) eta, aipatu dugun bezala, helburu nagusia Wikipedia euskaldunentzat zientzia-edukiak sortzea da. Deialdia DBH, Batxilergo eta Lanbide Heziketako ikasle eta irakasle zein Unibertsitateko ikasle eta publiko orokorrari zuzendua dago. Izena emateko epea urriaren 15ean zabaldu zen eta dagoeneko parte-hartzaile ugarik dihardu lanean (ikus zerrenda osoa).
Ekarpenak aurkezteko epea 2007ko azaroaren 4an, 24:00etan, amaituko da. Hala eta guztiz ere, antolatzaileek adierazi duten moduan, Wikipediaren barneko funtzionamendua kontuan harturik eta azken orduko arazoak saihesteko asmoz, ekarpenak hilabetean zehar egitea gomendatzen da.
Sari banaketa 2007ko azaroaren 7an egingo da, Wikipediaren sortzailea den Jimmy Wales ekitaldiaren buru izango dela. Dena den, azken berriak jakiteko, onena Zientzia Astea 2007 bloga bisitatzea duzue. Amaitzeko, parte hartzeko gonbidapena luzatzearekin batera, animatze aldera, sarien zerrenda uzten dizuet:
10 ordenagailu eramangarri
- 2 DBHko ikaslentzat
- 2 batxilergo edo lanbide heziketa ikasleentzat
- 2 DBHko irakasleentzat
- 2 batxilergo edo lanbide heziketa irakasleentzat
- 1 unibertsitateko ikasleentzat
- 1 publiko orokorrentzat
8 kanoi digital ikastetxeetarako (lehenengo 4 kategorietan bakarrik)
- 2 DBHko ikaslentzat
- 2 batxilergo edo lanbide heziketako ikasleentzat
- 2 DBHko irakasleentzat
- 2 batxilergo edo lanbide heziketa irakasleentzat
Euskaljakintzako zientifikoentzako oharra: norbait animatzen bada, ni laguntzeko prest (niri dagokidan alorrean, noski)
Jendaurreko aurkezpena eta irakurketa lantzen urria 27, 2007
Egilea: txanela Atala : Jakintzaren Planetan , iruzkinak itxitaKaixo lagunok:
Hona hemen Txanela proiektuaren barnean egiten ditugun jardueretako batzuk. Zuen gustukoak izango direlakoan.
BILINTX-ELKAR liburudendak 30 urte bete ditu urria 27, 2007
Egilea: koro Atala : Jakintzaren Planetan , iruzkinak itxitaUrtemugak egun bereziak izaten dira eta Bilintx liburudendari beste urte berri bat erori zaio. 30 urte!
1976an jaio zen liburudenda eta 1994an aldaketa garrantzitsua eman zuen, Elkar Megadenda bihurtuz. 30. urtebetetzea ospatzeko festatxoa antolatu zuten eta Amaia Zubiria, Haritz Cano, Juan Mari Irigoien, Xabier Mendiguren, Sebastian Lizaso, Mikel Laboa, Pello Zabala (eguraldiaren gizona) eta kultura inguruko hainbat izen bertaratu ziren hartara.
Datozen 30 urteetan ere osaaun ederra disfruta dezala opa diegu hemendik.
Atzerriko egonaldietarako laguntza deialdia urria 26, 2007
Egilea: Ikastolako gaiak Atala : Jakintzaren Planetan , iruzkinak itxita
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. Zikloko eta Batxilergoko ikasleentzat atzerrian alemana, frantsesa eta ingelesa ikasteko kurtsoetarako plazen deialdia kaleratu du.