Bi jarraian irabazi ditugu!!! urtarrila 31, 2008
Egilea: Administrator Atala : Jakintzaren Planetan , iruzkinak itxitaKaixo, gaur batez ere gure taldeaz hitz egingo dizuet, Ordizia k.e.
Liga oso gaizki hasi ginen lehen hiru partiadak galduz, ondoren hirugarrena berdindu egin genuen eta laugarrena irabazi. Hurrengoa berdindu eta lehen faseko beste guztiak galdu. Lehen fasea azkenaurrenak bukatu genuen. Jaitsiera fasean gaude orain eta oso gaizki hasi ginen, sei partiduetatik sei galdu genituen (bat berez irabazi egin genuen, arbitroaren errua izan zen, horrela da futbola) baina hurrengoa Santo Tomas Lizeoren aurka bat huts irabazi genuen eta gainera, bi baja garrantzitsu genituen: Iñigo eta Markel Madinabeitia. Hauek azkenak doaz orain, baina gu oraindik hiru puntu genituen. Hurrengo astean Arrasateren aurka eduki dugu, 9 punturekin daude eta hontan ere irabazi egin dugu, 2-0. Orain sei puntu ditugu eta jaitsiera postuetatik ateratzeko 0 puntura gaude, Hernanirekin berdinduta. Aste honetan lagunarteko partidua dugu larunbatean Lazkaon gu baino maila bat beherago daudenen aurka. Hurrengo astean Anaitasunaren aurka dugu eta 5 puntu, gure atzetik. Ea horrela jarraitzen dugun eta jaitsiera postutik aldentzen garen!!!
Beste aldetik Errealak eta Eibarrek galdu egin zuten. Erreala orain bosgarren doa igoera postuetako bi puntutara eta Eibar hamahirugarren zazpi puntura.

Hor al zaude? Kanpingags konpainiaren azkena Ordizian urtarrila 30, 2008
Egilea: Maite Atala : Jakintzaren Planetan , iruzkinak itxitaKanpingags Konpainiak Javier Daulte antzerkigile argentinarraren Hor al zaude? antzezlana aurkeztuko du ostiralean, otsailaren 1ean, gaueko 22:15ean, Ordiziako Herri Antzokian. Maitasunari buruzko gogoeta egiten du obra honek. Ainhoa Aierbe, Asier Hormaza eta Aitor Gabilondo ariko dira aktore lanetan, Joseba Apaolazaren zuzendaritzapean.
“Antzerti garaia” egitaraua Beasain eta Ordiziako Udaletako Kultura Sailek bultzatu eta antolatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskadiko Antzerti sarearen lankidetzekin. Goierriko antzerti denboralditxo honen barruan 8 emanaldi egongo dira, urtarriletik apirilera, batzuk Beasaingo Usurbe Antzokian eta beste batzuk Ordiziako Herri Antzokian.
Sarrerak 10 eurokoak izango dira emanaldi bakoitzeko. Ziklo osorako abonoa ere lor daiteke, 60 eurotan. Abonuak dagokion Udaleko Kultura Sailean lor daitezke.
Aipatu den bezala, programa ostiralean hasiko da Ordizian, “Hor al zaude” lanarekin. Javier Daulte dramaturgo argentinarrak sortutako obra oparotik euskaratutako lehen testua estreinatzen du Kanpingags konpainiak, egilearen ¿Estás ahí? jatorrizko testua “Hor al zaude?” izenburuarekin antzeztuko dela. “Hor al zaude?” ikuskizuna Patxi eta Ana elkarrekin bizitzen hasten direnean abiatzen da. Etxea traketsa eta txikia da: lekua kaxaz gainezka dago,
berogailua ez dabil eta auzokoekin problemak dituzte. Guztia gutxi balitz, gizon ikustezin baten presentzia deskubritu dute. Mamu antzeko honek umore txarra izateaz gain, bikotea bere espazioaren inbasoretzat hartzen du.
Asier Hormaza FRANTZISKO dugu, mago hasiberriaren larruan, eta Ainhoa Aierbe berriz, ANA, oftalmologian lizentziatekotan dena. Bien artean eszenatokia erabat betetzen dute, mamuen munduan sartzen gaituzte eta bi pertsonaia baino gehiagoren aurrean gaudela sentiarazten digute.
Bikotea eta izakia badira protagonista nagusiak, “ikusleriak pertsonaia horiek baino gehiagoren aurrean dagoela uste izango du”. Izan ere, Nekane deituriko pertsonaia ere tartekatzen da agerraldian (hau ere Aierbek gorpuztuta), bere asmoa magoaren laguntzaile bilakatzea da eta etxean agertzen denean Patxirekin elkarrizketatzeko asmoa du, “ikuskizunari beste bira bat emanez”…
Amaitzeko, gogorarazi nahi dizuet, aurreko urteetan bezala hamarreko taldea osatuz gero, sarrerak merkexeago aterako zaizkigula. Badakit garai txarra dela (inauteriak, azterketak…); dena den, norbaitek joan nahi badu, jarri lehenbailehen nirekin harremanetan.
Podcastean irratsaio berria urtarrila 30, 2008
Egilea: Administrator Atala : Jakintzaren Planetan , iruzkinak itxitaGaur podcastean irratsaio berri bat grabatu dut nire arrebarekin batera. Bertan hitzegiten da ea arrrautza nola jan behar den, parpailarekin edo parpailarik gabe. Jakingo duzue zer den parpaila ezta? Ez dakienarentzat, parpaila, erderaz esaten den “puntilla” da. Entzun podcasta eta ondo pasa!!!
Ana Altuna gogoan urtarrila 30, 2008
Egilea: Maite Atala : Jakintzaren Planetan , iruzkinak itxita
Gazte gazterik hasitakoa
gure ikastolan lanean
Garagartzako gela handian
dantzan ikasle artean
Ikastolako ospakizunen
ardura beti soinean
Zenbat umore ta alaitasun
Ana hire konpasean
Hire musikak jarraituko din
Jakintzaren bihotzean
ZirIKTeroak ekimen berria martxan da urtarrila 28, 2008
Egilea: jolaus Atala : Jakintzaren Planetan , iruzkinak itxitaEz da erraza IKT dinamizatzaileon lana. Gure ikastoletako IKTen inplementazioak suposatzen digun lanari ekin behar diogu, gure ohiko irakasle lanaz gain (hori gutxi balitz, tutorea izatea ere “tokatu” zaienak ezagutzen ditut). Eginkizun berri honetan, asko dira menperatu behar izaten ditugun arloak. Nagusiena, zalantzarik gabe, teknologia berrien inguruko ezagutza da. Nahiz eta arlo teknikoa ez izan gure ardura nagusiena, izugarrizko garrantzia dauka teknologia berrien identifikazio eta ezagutzari eskaintzen diogun denbora. Mota guztietako tramankuluak eta aplikazioak erabiltzera derrigortuta gaude eta honek, esparru honetan esperientzia gehiegi ez duen irakasle batentzat (hori baita gutako gehienon kasua), beti suposatzen du lan karga inportante bat.
Baina ez du soilik informatika kontuetan trebatu behar dinamizatzaile batek. Teknologia berrien presentzia gure curriculumetan errealitate bat izatea nahi badugu, gure burua busti beharreko beste hainbat arlo ere badira:
- Ezinbestekoa dugu zuzendaritza taldearekin harreman estua izatea, gure ikastolan hartzen diren erabaki estrategikoetan IKTek ekar ditzaketen abantailak baloratu eta hauek aurrera eramateko planifikazioa gure ardura da.
- Derrigorrezkoa dugu administrazioarekin komunikazio kanalak izatea. Ikastolako egoera ekonomikoaren inguruko datu orokorrak ezagutu eta, hauen arabera, inbertsio plan errealistak diseinatu eta adostea gure lana da ere. Zoritxarrez, IKT baliabideak ez dira merkeak; horregatik, proiektuetan oinarritutako diru iturri alternatiboak (hala diru-laguntza ofizialak nola beste hainbat esparruetakoak) lortzeko beharrezkoa den informazioa izateak ere badu bere garrantzia.
- Irakaskuntza-aprendizaia prozesuen ildo nagusiak ulertu eta menperatu behar ditugu, izan ere, IKTak curriculumean arrakastaz txertatzeko lehenik eta behin prozesu hauek sakon ezagutu behar ditugu. Horrela, Unitate Didaktikoak sortu eta egokitze prozesuak, saio lektiboa eta ebaluazio prozesuen antolaketa eta garapena gure ikastolan nola gauzatzen den garbi izan behar dugu.
- Aurreko guztia gure lankideekin elkarlanean burutu beharreko zerbait da. Harreman pertsonalak, sentsibilitate desberdinen aurrean dugun jarrera, komunikaziorako gaitasuna… ondo zaindu beharreko atalak dira. Nahiz eta kasu gehienetan atal honi behar duen garrantzia ez eman (agian konplikatuena delako ere), giza-baliabideen kudeaketa eta pertsonalaren asebetetzearen inguruan behar bezala jokatzen ikasi behar dugu.
Ikasketak amaitu eta irakasle lanari ekiten diogunean, aurrekoak bezalako eginkizunak noizbait gure ardura izango direla ez zaigu burutik ere pasatzen. Bizitzan zehar jaso dugun formazioa, irakasle lana arrakastaz burutzeko nahikoa izaten dela pentsatzen dugu maiz. Baina gutxien espero dugunean, horrelako ardura bati heltzeko proposamena heltzen zaigu. Eta honen aurrean, hauxe izaten da gure lehenengo kezka; nola demontre egiten diot nik aurre gainera datorkidan guztiari? Modu batera edo bestera gure gain hartzen dugun lehenengo erabakia hauxe izaten da: nire eginkizunak aurrera ateratzeko ondo prestatuta egotea derrigorrezkoa da. Prestaketa hau kanpotik etorri daitekeen arren, denborarekin segituan konturatzen gara etengabeko autoformazioa dela guztiaren muina. Eta horrelaxe, prestakuntza ikastaroetara joanez, tailerretan parte hartuz, web 2.0 tresna berriak erabiliz, ondokoarengana laguntza eske joanez… eguneroko lanari modu apal eta eraginkorrenean erantzuten ahalegintzen gara.
Urte batzuk pasa dira eginkizun honetan hasi nintzenetik. Bitarte honetan ikastola ezberdinetako IKT dinamizatzaile asko ezagutu ditut. Batzuk lan honetan urte mordoxka egindakoak ziren ni hasi nintzenerako; beste taldetxo bat elkarrekin hasi ginen 2001. urte inguruan; beste batzuk, azken urte honetan hasi dira dinamizatzaile lanetan. Denok hartu dugu gure gain aurrean aipatutakoak eta denok dakigu zenbat estimatzen den, arazoen aurrean topatzen garenean, ondokoaren laguntza izatea. Elkarlana gure lanbidean dagoen balore garrantzitsuenetako bat dela oso garbi daukagu guztiok.
Halere, elkarlan hori gauzatzerakoan zerbaitetan ez dugu asmatu: gogo falta, bitartekoen falta, antolatzeko zailtasunak… ez dakit zer izan den baina kontua da, bitarte honetan, denon artean bildu dugun jakituria hori guztiengana zabaltzeko orduan kale egin dugula. Honen inguruan, duela aste batzuk, dinamizatzaile talde bat elkartu ginen eta gauzak beste modu batera egin zitezkeela pentsatu genuen. Auzolanean aritu garen egun hauetako esperientzia oso emankorra izan da, oso esperientzia polita bizi izan dugu. Denok denongandik ikastea errealitate bat izan daitekeela egiaztatu dugu: denok dugu zerbait besteoi eskaintzeko modukoa eta, bide batez, denok daukagu zerbait besteengandik ikasteko. Eta hori guztia, baliabide sinpleak erabiliz bermatu daitekeela ikusi dugu.
Esperientzia honen ondoren, gure esperientzia beste kide guztiei zabaltzea erabaki genuen. Horixe da pasa den asteazkenean egin genuena. Gure proposamenean hiru elkarlanerako foro ezberdin proposatzen genituen:
- Foro presentzialak, alegia, gertutik bizi ditugun arazoen inguruan hitz egin, eztabaidatu eta erabakiak hartzeko bilerak izango lirateke.
- Foro praktikoak, ikastola ezberdinen arteko praktika honen trukaketa modura. Jarduera hauek tailer modura aurkeztuko dira, alegia, irakasleok bertan aurkeztutakoa praktikatzeko aukera izango dugu
- Foro birtualak. Gure arteko komunikazioa eta informazio trukaketa modu sinple eta eraginkorrean izatea ahalbidetuko duten aplikazioak erabiltzeko proposamena luzatu genien taldekideei.
- Tresna sinplea eta erabilterraza da
- Partaide bakoitzeko orri pertsonal bat eskaintzen du (bloga izanik orri honen muina)
- Atari nagusia blog pertsonal guztien agregatzaile modura funtzionatzen du
- Galdera-erantzunetarako foroa du
- Lan-taldeak definitzeko aukera sinplea ematen du
- Mota guztietako fitxategiak igotzeko eta partekatzeko aukera ematen du.
- Modu errazean euskaratu daiteke. Oraindik atari osoa euskaraz egotea lortu ez badugu ere, euskaratze prozesua bide onetik doa.
Ataria publikoa izan behar duela pentsatu dugu. Arrazoia bikotza da: alde batetik, gure ekarpenak besteentzat baliagarriak izan daitezkeela pentsatzen dugu, gu bezala euren eskoletan IKTekin lan egiten duten askorentzat. Eurentzat ere baliagarria bada, askoz hobe. Bestetik, dagoeneko garai badelako gurearen berri interneten ere zabaltzeko. Iritzi asko irakurri ditut sarean zehar ikastolok software librearekiko aurkezten dugun jarrerarekiko, adibidez. Hauetako askok ez dute benetan islatzen ikastoletan bizi duguna. Horrelako atari batek zertan ari garen, zeintzuk diren gure lehentasunak, gure kezkak, gure baloreak… azaltzeko balioko du, benetan ikastolon errealitatea islatzeko tresna garrantzitsua izango dela zalantzarik ez daukagu.
Ea honen bitartez ingurukoak zirikatzea lortzen dugun. Hori bakarrik lortzen badugu, ekimen honek merezi izango du.
Ilehoriak urtarrila 28, 2008
Egilea: Administrator Atala : Jakintzaren Planetan , iruzkinak itxitaBazen behin neskato talde bat kalean denak manifestaldi bat egiten. Guztiak ilehoriak ziren eta buiaka esaten zuten:
-Ilehoriak, ez gara tuntunak! Ilehoriak, ez gara tuntunak!
Eta halako batean batek:
-”I” bat daukagu!
-Bai!!!!
-”L” bat daukagu!
-Bai!!!!
-”E” bat daukagu!
-Bai!!!!
-Eeeee… Ilehoriak, ez gara tuntunak! Ilehoriak, ez gara tuntunak!
EVA ARGUIÑANO: “Postreak egitea joko malabarekin ibiltzea bezala da” urtarrila 28, 2008
Egilea: lgarmendia Atala : Jakintzaren Planetan , iruzkinak itxitaMaitek elkarrizketa egin behar genuela esan zigunean, Eva Argiñanori egitea bururatu zitzaidan. Berarekin geratu eta hortxe joan nintzen, Sara laguntzaile nuela, entrebista egitera. Zarautzen geratuta nengoen ostegun bateko 17:30ean. Trenean gindoazen bitartean, urduritasuna zela eta ez zela, probak egiten, grabatzen, hortaz hitz egiten hasi ginen. Baina bat-batean hara non gelditzen zaigun trena Andoainen! Denbora aurrera zihoan eta trena ez zen mugitzen… Egoera ikusirik, Sara eta nire urduritasuna handiagotu egin zen. Beraz, trenetik jaitsi ginen taxi bat hartzeko asmoz. Taxi geltokia bilatzen geundenean, autobus bat zegoela konturatu ginen. Bi aldiz pentsatu gabe, bertara igo eta Donostiarantz abiatu ginen. Zoritxarrez, oso berandu egin zitzaigun eta eginahalak egin genituen Evarekin hitz egin eta hitzordua bertan behera uzteko. Ikusi behar zenuten Sara 11 8 11 informazio telefonora deitzen Evaren telefono zenbakia lortzeko! Azkenean, ez dakit nola, Evarekin hitz egitea lortu eta elkarrizketa beste egun baterako utzi genuen. A zer komeriak! Gero esan dezatela ez dugula lanik egiten…

Kontua da hainbeste komeri ondoren, Evarekin elkartu ginela eta bere agenda bete-betea egon arren, guri txoko bat egin eta benetan oso tratu ona eman zigula. Egia esan, primeran pasa genuen. Elkarrizketa bat izan ordez, betiko lagun batekin hitz egitea bezala izan zen. Hemen duzue bertan hitz egindakoa. Barkatuko dituzue argazki eta bideoaren kalitatea baina horrekin ere denetarik pasa zitzaigun. Dena den, istorio hori beste baterako utzi beharko dugu, luzea da eta…
Zer moduz, Eva?
Oso ondo.
Lehenik eta behin, mila esker etortzeagatik eta elkarrizketa hau posible egiteagatik.
Oso gustura. Beraz, lasai.
Galdeketarekin hasiko gara. Badakigu 16 urte inguru zenituenean hasi zinela zure anaia Karlosi bere jatetxeko sukaldean laguntzen. Txikitatik al zenuen sukaldean ibiltzeko zaletasuna?
Oso txikia nintzenean hasi nintzen etxean, baina ez da egia 16 urterekin hasi nintzela berarekin sukaldean. Berarekin hasi nintzen, baina arraskan, ez sukaldean laguntzen. Ezberdina da. Sukaldean dago baina ez janaria prestatzen.
Zu goiz hasi zinen. Gaur egun, ordea, jendea gero eta beranduago hasten da. Zer esango zenioke gazte bati janaria prestatzera animatzeko?
Nik uste dut gauzak prestatzen hastea asko eskatzea dela. Nire ustez, gero eta jende gehiago dago janariari buruz asko dakiena, baina gero eta gutxiago ibiltzen dena sukaldean. Beraz, esango nioke ez estutzeko, ez larritzeko. Amonak eta amak gauzak egiten badituzte arreta pixka bat jartzeko, garrantzitsua dela.
Jakingo duzun bezala, gaur egun gazte jendeak ez du denbora gehiegi pasatzen sukaldean, dena “prekozinatuta” edo aurrez prestatuta erosten baitute. Zer iritzi duzu “fast food” delako honi buruz?
Txarra dela, baina ez nik esaten dudalako. Prekozinatutako gauzak beti eramaten dituzte kontserbanteak, zaporea altxatzeko produktuak, bitaminak galdu egiten dituzte… Gainera, etxean janaria prestatzeko ez da hainbeste denbora behar; organizazio on bat besterik ez.
Hasieratik hasi al zinen postreak egiten edo aurretik beste platerak prestatzen zenituen? Horrela bada, nondik atera duzu postreak prestatzeko trebetasuna?
Egia esan, gaztea nintzenean, nire amak ez zidan postreak prestatzen uzten. Hori tontakeriak zirela esaten zidan. Beraz, betiko gauzak ikasi nituen: pasta, arroza, babarrunak, porru patatak, saldak eta gauza horiek. Gero, Karlosen jatetxera joan nintzen lan bila. Momentu hartan gozogilea jatetxetik joan zitzaionez eta sukaldean ibiltzeko jende nahikoa zegoenez, anaiak esan zidan: “Zu, pastelerira!” Imajina dezakezunez, nik ez nekien ezer egiten, ezta bizkotxo bat, ez natilak… ezertxo ere ez! Arroz esnea besterik ez. Anaiari beti esaten diot dezente diru gehiago aurreztuko zuela unibertsitateko karrera bat ordaindu izan balit; izan ere, zakarrontzira denetik botatzen nuen ezkutuan, nire artean pentsatzen nuen: “Harrapatzen banau…”
Jajajaja!!! Bai, ezta? Lehenengo txapuzak…
Bai, bai. Baina pixkanaka ikasi nuen. Liburu onak erabiliz… Egia esan, hasieran ez zitzaidan gustatzen, konplikatua ikusten nuen. Baina ez da batere konplikatua, desberdina besterik ez. Trukua harrapatu ondoren, oso erreza da. Eta horrela… pixkanaka.
Eginez eta eginez, ezta?
Bai. Eginez, probatuz, ikusiz zer atera zaidan goxoa eta zer ez, pentsatuz nik egingo nukeena, zer gehiago botako niokeen…
Normalean, etxeetan emakumeak dira sukaldean aritzen direnak. Profesionalak, berriz, gehienak gizonezkoak dira. Zure ustez zergatik ote da?
Hori gaizki dago. Euskal Herriko sukaldea beti emakumeek eraman dute. Antzina, emakumeak izaten ziren sukaldariak eta gizonezkoak ardoa dastatzen zutenak. Horregatik, taberna edo jatetxe bat irekitzea bururatzen zitzaienean, gizona zen jende aurrean egoten zena eta emakumea sukaldean. Beraz, Euskal Herriko sukalde profesionalak etxekoandreek eraman dituzte aurrera. Gizona tabernan egon arren, emakumeak izan dira sukaldeaz arduratu direnak. Gainera, badakigu sukaldean bezala beste edozein lanetan beti gizona egon dela: ekonomian, abokatutzan, kiroletan… beti gizonak. Izan ere, beraiek orain arte indarrak etxetik kanpo zentratu dituzte. Emakumeek, ordea, familian zentratu dituzte indar hauek. Eta, noski, inork ez badu hartzen familiako errelebo hori, nork egingo du lan hau? Etxekoa ere garrantzitsua da…
Telebistan ateratzeaz gain, Karlos Argiñano jatetxean postreak egiten eta Aiala sukaldaritza eskolan irakasle zara. Horrenbeste eginbeharrekin ba al duzu denborarik zuretzat edo zure familiarentzat?
Oso denbora gutxi nuen eta oso lanpetuta ibili nintzen. Horregatik, aurreko urtea pixka bat erlaxatzeko erabili nuen. Ez zen benetako urte sabatiko bat izan, telebistan jarraitzen bainuen. Baina urte lasaia izan zen. Egia esan, hasieran oso gaizki ibili nintzen. Lan gehiegi, gorputzak pixka bat geratzeko eskatzen zidan. Beraz, aurten paseatzen, aspaldiko lagunei bisitatzen, nire semeei denbora gehiago eskaintzen nabil… Dena lasaiago hartzen.
Zer moduz moldatzen zara telebista aurrean hitz egiteko, jakinda milaka pertsonak ikusten zaituztela? Eroso sentitzen al zara?
Hasieran beldurtu egiten nintzen esaten nituen gauzei garrantzi handia ematen nielako: “Horrenbeste jende ni ikusten, eta hau edo bestea esaten badut … zer pentsatuko dute nitaz? Ikusten banaute nolakoa naizen…”. Baina orain dagoeneko berdin zait. Naizen bezalakoa naiz eta batzuetan konfunditu egiten naiz mundu guztia bezala, beraz, orain disfrutatzen ari naiz gauzei horrenbeste garrantzirik eman gabe.
Orain La Sexta telebista katean “Hoy cocinas tu” programa egiten ari zara. Bertara jendea joaten da eta zuk plater zehatz bat nola egiten den erakusten diezu. Sukaldaritza egiteaz gain, irakastea gustatzen zaizu?
Bai. Programarekin eta gonbidatuekin asko disfrutatzen ari naiz. Jende asko ezagutzen ari naiz eta denak oso desberdinak: Madrilgoak, Sevillakoak, Galiziakoak… Gainera, oso maila ezberdinetako jendea etortzen da: kale-garbitzaileak, zientifikoak… eta denak oso irekiak, telebista aurrean jartzeko ausarta izan behar baitzara. Eta ez bakarrik beraiek, beraien koadrilakoak eta familiakoak ere bai. Ni harritu egiten naiz. Beraz, gustatzen zait jendearekin sortzen den giro hori. Nik beti galdetu egiten diet, telebistan azaldu aurretik, ea zergatik etortzen diren programara. Askok erantzuten didate: “Ikusten dudalako izugarrizko giroa daukazuela hemen eta ondo pasatzen duzuela”. Eta egia da!! Barre asko egiten dugu. A! Eta aurretik esan dugunari erreferentzia eginez, taldeko ia denak emakumeak gara, oso jende gaztea gainera. Ni naiz zaharrena, baina atzean dagoen taldea oso gaztea da.
Telebistan, beti izan da zure anaia Karlos sukaldaria eta zu, ordea, postreak egiten zenituena. Hla ere, La Sexta telebista katean egiten hasi zaren programan, denetarik prestatzen duzu. Zein arlotan sentitzen zara erosoago sukaldaritzan edo gozogintzan? Zergatik?
Hasieran oso gustura ibiltzen nintzen sukaldaritzan. Orain, ordea, postreak egiten lasaiago, hauei denbora gehiago jarri baitiet. Profesionalki horretan zentratu naiz. Hala ere, biekin ondo moldatzen naiz, baina postreak egitea joko malabarekin ibiltzea bezala da.
Nahi gabe ateratzen zaizu ezta?
Bai, bai. Erraztasun handia dut.
Sukaldaria izan ez bazina, zer gustatuko zitzaizukeen izatea?
Txikitan esaten nuen baleteko dantzari izan nahi nuela. Hala ere, 15-16 urterekin lan munduan aurkituko nuenaren beldur nintzenez, klausurako moja sartzea pentsatu nuen. Neure buruari esaten nion: “Klausurako mojak onak izango dira eta ez naute handik botako. Gainera, mutilekin ere hainbeste buruhauste…”. Horrela, harri batez bi kolpe egingo nituen: lana, mutila… Eta orain eskulana den edozer gauza gustatuko litzaidake egitea. Berdin zait margolari, buztinlari… eskulana den edozer gauza.
Gainera badakit zure familia oso artistikoa dela.
Bai, bai. Eta behar dut eskuekin gauzak ukitu eta ibili. Adibidez, dentista… (Sarari erreferentzia eginez, gurasoak dentistak baititu). Izan daiteke ere, zergatik ez.

Nahiz eta sukaldari aparta izan, ziur nago noizbait hanka sartzeak ere egingo zenituela, ezta? Konta al dezakezu gertatutako anekdotaren bat?
Aurretik esan dudana, postreak ikasteko zakarrontzira pila bat gauza botatzen nituela, adibidez. Orain kontatuko dudana anekdota serio bat da. Bikote bat jatetxera etorri zen beraien ezkontzarako tarta berezi bat nahi zutelako. Oso berezia, handia eta ondo apaindutakoa. Eta “Santonore” bat aukeratu zuten. “Santonore” petisuz eginiko dorre bat da. Baina beraiek izugarri handia nahi zuten. Nik egin, egin nuen. Baina arkitekturaz ezer ez nekienez, pisua, zentrua, grabitatea… ez nituen kontutan hartu. Ondorioz, dorrea balantzaka hasi zen. Gainera, zementuaren ordez karamelua ipini nion. Imajina dezakezue nola bukatu zuen “Santonore” horrek! Azkenean, tartatxoak jan behar izan zituzten. Goxoa zegoen, baina itsura ez zen beraiek nahi zuten bezalakoa…
Egia esan, Evarekin hitz egiten hasi eta orduak eta orduak eman ditzakezu bere solasaldi atseginarekin, baina hortxe eman genion amaiera gure elkarrizketari. Eskerrak eman nahi dizkiot bihotzez Evari hain ondo portatzeagatik gurekin. Oso ondo pasa genuen eta, bideoan ikus dezakezuen bezala, izugarrizko barre algarak egin genituen. Mila esker, Eva, zure denboraren zati txiki bat guri eskaintzeagatik. Jarraitu horrela!!
Lasarteko krosean ordiziarrak indartsu urtarrila 27, 2008
Egilea: Administrator Atala : Jakintzaren Planetan , iruzkinak itxitaGaur goizean, LIII Lasarteko krosa ospatu da eta Ordiziarrak bertara joan gara lasterketa on bat egiteko asmoan. Gainera izugarri ondo pasatu dugu.
Hasteko, kadete mailan, Asier Intxaustik irabazi du eta Aitor Azpilikuetak laugarren egin du. Biek oso lasterketa ona egin dute bukaeraraino dena emanez. Nesketan berriz, Sara Intxaustik irabazi du oso lasterketa ona eginez. Jubenil eta junior mailetan oso ondo ibili dira Eider Aldaba, Enara Cacho, Lierni, Maria eta Maialen. Txindoki atletismo taldea oso indartsu azaldu da.
Ondoren, gure txanda izan da. 2875m korritu behar izan ditugu. Lasterketa nahiko poliki hasi da baina amaieran bizkortu egin da. Nik hirugarren egin dut eta oso pozik nago. Iñigo Etxarrik bostgarren egin du, Mikel Zabalegik zortzigarren eta Alexander Oiarbidek bederatzigarren. Oso ondo ibili dira aldi berean Iker Nieto, Xabier Lopez, Julen Harto… eta taldekako sailkapenean Jakintza Ikastola lehenengo geratu da. Alebin mailan, Oier Calvillok irabazi du eta Adel Ben Miloudek egin du hirugarren. Oso lasterketa polita izan da hauena ere.
Amaitzeko, helduen lasterketan afrikar batek irabazi du. Baina ordiziar bat, Jose Antonio Blanco “Txuri”, lehenengo euskalduna izan da eta hori gutxi balitz, Sergey Lebed ukraniarraren aurretik geratu da lasterketan. Oso ondo ibili dira aldi berean Iker Iztueta eta Ander Biguri.
Hau izan da gaur Lasarten ospatu den lasterketaren laburpena nolabait esanda eta Ordiziarrak oso korrikalari trebeak garela erakutsi dugu.
Bideojokoak, denbora-pasa egokia? urtarrila 27, 2008
Egilea: icrehuet Atala : Jakintzaren Planetan , iruzkinak itxita
Gaur egun, bideojokoen erabilera oso zabaldua dago gure gizartean eta ohikoa iruditzen zaigu ume bakoitzak Play Station bat eta horrelakoak edukitzea. Hasiera batean, ordea, hauek denbora-pasa gisa erabiltzen ziren, baina, egun, tendentzia zeharo desberdina da. Jende asko dago kontsola hartu eta ordu asko jolasten igarotzen duena, batez ere, gazte eta umeen artean.
Lehenik eta behin, gurasoez hitz egin beharra dago, beraiek baitira haurrei joko hauek erosten dizkietenak. Aita-ama hauek gehiago kontrolatu beharko lukete beraien seme-alabek makina hauetan solasean ematen duten denbora; izan ere, bestela, kaltegarria izatera irits daiteke haurrentzat. Baina non dago kontrol horren muga? Eta nork ezarri beharko luke?
Bigarrenik, milaka joko mota daude eta honek ere zerikusi handia du. Hauen gaia kontuan hartuta, adinaren baitan sailkapen bat dago: bortitza edota armei buruzkoa bada: +18… Hala ere, adingabeko ume eta gazteek erraz lortzen dituzte, supermerkatuetan edo bideojoko dendetan ez baitago horrelako gauzak kontrolatzen dituenik. Eta honek oso eragin txarra izan dezake haurrengan. Izan ere, armei buruzko jokoak, adituek diotenez, oso oldarkorrak dira eta honek, epe luze batean, ume baten pertsonalitatea eta izaera alda dezake, solasaldia ordu ugaritakoa eta egunerokoa bada.
Ildo beretik jarraituz, bizioa da “dibertimendu makina” hauen beste ondorioetako bat. Solas moduan hasitakoak, gaztetxoengan menpekotasuna sortzen du eta txarrerako joera edo ohiko grina bilakatzen da. Hau gertatzean, pertsona hori uneoro gauza berberan pentsatzen egongo da, eta horrek sor ditzake aldez aurretik aipatutako agresibitatea eta pertsonalitate aldaketa.
Bestalde, egoera hau, orain dela hainbat urtekoarekin alderatuta, zeharo desberdina da. Hasiera batean, kalea edo parkea zen umeen jolasgune nagusia, eta lagun taldeak bertan elkartzen ziren futbolean… jolasteko. Egun, bideojoko eta ordenagailuak merkaturatzen joan diren heinean, joera guztiz aldatzen joan da egoera larri batera iritsi arte: haurrek nahiago dute etxean geratu pantaila karratu baten aurrean, kalera irten edota hainbat ekintza egin baino. Zer gertatuko da hemendik 50 urtera teknologiak horrela eboluzionatzen eta garatzen jarraitzen badu?
Hau guztia dela eta, ondorio honetara iritsiko nintzateke: bideojokoak, modu ezohiko eta gehiegizkoan erabilita, kaltegarriak dira eta arazo oso larriak sortzen dituzte. Horregatik, egunero zabaltzen eta handitzen ari den praktika hau gehiago kontrolatu beharko litzateke, bai erosteko orduan (denda edo komertzioko kontrola), bai jolastean (gurasoen bidez).
Nola igo pdf dokumentuak Google Docsera urtarrila 26, 2008
Egilea: jolaus Atala : Jakintzaren Planetan , iruzkinak itxitaGoogle Docs erabiltzen dugunok faltan botatzen dugun aukeretako bat pdf dokumentuak bertara inportatzeko aukera izatea da. Inportatu daitezkeen dokumentuen formatuak ugariak badira ere (txt, doc, rtf, odt eta sxw), ezinezkoa da oraindik pdf dokumentuak igotzea. Horrelakoak egin behar izaten direnean, imajinazio eta pazientzia piska bat behar izaten da. Alegia, pdf barneko testua hautatu, kopiatu, beste dokumentu formatu batera pasa eta gero igotzea izaten da burutu beharreko prozesua. Testu zati txikiak badira, tira!, lan piska bat egin behar izaten da baina ez da hainbesterako izaten. Kopiatu nahi den dokumentua luzea denean ordea edota kopiak sahiesteko segurtasun klabearekin gordeta badago (pdf hauek testua hautatu ondoren kopiatzeko aukera desgaituta izaten dute), testua jaso eta beste formatuetan gordetzea ezinezkoa izaten da. Horrela, Google Docsera igo eta gure harremanekin konpartitzeko aukera ezinezkoa bihurtzen da.
Hau guztia, oso modu sinplean burutu daiteke PDFTextOnline doahineko web aplikazioa erabiliz. Aplikazio honek testu formatura bihurtzen du edozein pdf fitxategi, kopiaren aurka babestuta baldin badago ere. Aplikazio abiatzeko, lehenik pribatutasunarekin loturiko arauak onartu beharko ditugu. Jarraian, arakatzailera joan eta igo nahi dugun pdf dokumentua hautatu beharko dugu. Laster batean izango dugu testu osoa gure ekipoko pantailan. Testu osoa ekipora jaisteko “Save All Text” botoia sakatu beharko dugu eta segidan zip fitxategi bat jasoko dugun gure ekipoan. Barruan txt fitxategia izango dugu, jatorrizko pdf-ak zuen testu guztiarekin. Dokumentu osoa jaso beharrean, zati batzuk besterik jaso nahi ez baditugu, aplikaziotik bertatik kopiatu ahal izango ditugu.
Une honetan, prest daukagu txt fitxategia Google Docs-era igotzeko. Prozesu hau ohiko bidetik egin dezakegu (”Uploads” izeneko botoia sakatuz) edota Documents List Uploader aplikazio txikia erabiliz. Tresna hau baliagarria da oso, dokumentu bat baino gehiago igo nahi dugunean. Aplikazioa gure ekipora jaitsi beharko dugu (zoritxarrez Windows-erako bertsioa bakarrik dago eskuragarri) eta bertan instalatu ondoren (beharrezkoa da aurretik Microsoft .Net Framework 2.0 instalatuta edukitzea), leihotxo bat irekiko zaigu gure Google Docs-eko erabiltzaile izen eta pasahitza eskatuz. Datu hauek txertatu ondoren, gure kontuan ditugun dokumentu guztiak ikuis ahal izango ditugu. Fitxategiak igotzeko aukera bikoitza izango dugu: dokumentuak aurrean aipatutako leihora arrastatuz eramatea izango da aukeretako bat edota igo nahi dugun dokumentuaren gainean eskuineko botoiarekin klik eginez eginez, “Send to Google Docs” aukera esleitzea.
Bi tresna hauek elkarrekin erabiliz, gaur goizean bost minutu besterik ez ditut behar izan, 50 orritik gora eta kopiarekiko babesa zuen dokumentu bat testu modura pasa, Google Docs-era igo eta nire lankideekin partekatzeko. Bikaina!