Nabegaziora joan

Google Reader eta Del.icio.us tutorialak euskaraz uztaila 23, 2008

Egilea: sei Atala : Jakintzaren Planetan , iruzkinak itxita

Ikterook uztaila hasiera gogorra izan dugula aipatu zuen aurrekoan Jolausek. Halaxe izan da, bai; halere, nekea ez da urrutitik ere iritsi jaso dugun betetze mailara. Ez da erraza ordu gutxi batzuetan barruan daramagun pasio guztia askatzea, web 2.0 zer den ia ez dakienari jario-irakurle, marka-gune sozial, blog, wiki, webquest eta horrelakoez hitz egitea, baina, besterik ez bada, hortik zehar zer dagoen jabetzeko baliagarria gertatu bada, gu, pozik!

Badakigu, dena den, zein garrantzitsua den ikusi eta ikasitako hori praktikara lehenbailehen eramatea. Zenbat ikastaro ez ditugu ahaztu jasotako apunteak etxean utzi orduko? Abian jartzeko urrats horretan pixka bat lagundu nahian, hementxe dituzue ikastaro horietan azaldutako hainbat aplikazioren tutorialak: Google Reader eta Del.icio.us. Ez dago esan beharrik, ikastaroetara joan ez eta mundu honetan interesa duen edonoren autoikaskuntzarako ere baliagarriak izan daitezkeela.


Google Reader euskaraz

view presentation (tags: euskaljakintza google reader google tutorialak)


Delicious

view presentation (tags: marka-gune delicious)

Bi tutorialak Scribden:

Letren batzarra uztaila 22, 2008

Egilea: magic Atala : Jakintzaren Planetan , iruzkinak itxita

Umorea beti ongi dator.


Bihotz Gaztea goxo-goxo uztaila 21, 2008

Egilea: magic Atala : Jakintzaren Planetan , iruzkinak itxita

Santurtziko Bihotz Gaztea Ikastolako kideei gure zorionik beroenak luzatu nahi dizkiegu 20 minutos-en albistea hau irakurri eta gero.

DBH 1A gelako ikasleen bloga da Eusko Jaurlaritzak saritu duen Euskadiko eskola blogarik onena. Blogaren izena BIHOTZ GAZTE GOXO eta bertan horrela aurkezten dute euren burua:

Santurtziko Bihotz Gaztea ikastolan DBH 1Ako ikasleek sorturiko bloga duzue hau. Bertan eskolak egunerokoan ematen dituen hainbat berri, laguntza, komentario … eta abar plazaratuz gain, geure interesekoak diren zaletasunek ere izango dute euren lekua. Jakina denez, nahi duen edonori luzatzen diogu parte hartzeko aukera.

Tira, zorionak berriro ikasle eta irakasle guztiei eta eutsi goiari!!!

Mikeli egindako elkarrizketa Euskadi Irratian uztaila 20, 2008

Egilea: jolaus Atala : Jakintzaren Planetan , iruzkinak itxita

Uztaila hasiera gogorra izan dugu aurtengoa Ikterook. Azken urteotan ohikoa bihurtu den HikHasik antolatutako ikastaroez gain, IRALEko irakasle talde birekin ere aritu gara. Ikastaro trinkoak izan dira biak, sei egun jarraian bost ordu egunean eraman dugu interneteko baliabideak irakaskuntzan erabiltzea ekar ditzaketen onurak azaltzen. Ni pertsonalki, nahiko nekatuta bukatu dudan arren, erabat asetuta geratu naiz izan ditugun ikasleengandik jaso dugun harrera, jarrera eta ilusioarekin. Balantzea ezin hobeagoa izan da.

HikHasiko ikastaroen azken egunean, Mikelek Euskadi Irratitik elkarrizketa egiteko gonbidapena jaso zuen. Agian zuetako batzuk Arratsaldekoa saioan Mikelek esandako guztiak zuzenean entzuteko aukera izan zenuten. Nik, ordea, ez nuen aukera hori izan eta berehala ekin nion elkarrizketa euskarri digitalean lortzeari. Atzo bertan eskuratu nuen elkarrizketaren grabazio osoa eta hementxe ipintzea erabaki dut.

Elkarrizketa luzea egin zioten Mikeli (25 minututik gora). Irakaskuntza, teknologia berriak, berrikuntza, jarrerak, elkarlana… izan ziren aipatutako gaiak. Gustura entzun ditut Mikelek esandakoak, ea zuei zer iruditzen zaizuen.

Zona urdinean aparkatzeko komeriak uztaila 19, 2008

Egilea: eduran Atala : Jakintzaren Planetan , iruzkinak itxita

Ama Eroskin erosketa batzuk egiten ari zen bitartean, Consumer aldizkaria hantxe zegoela ikusi eta irakurtzeari ekin nion. Kontsumoarekin zerikusia zuten gai ezberdinak ukitzen ziren bertan eta niri, batik bat, zona urdinen inguruko artikulu bat egin zitzaidan deigarria. Zenbat eta gehiago irakurri, orduan eta interesgarriagoa iruditu zitzaidan; beraz, horri buruz idaztea interesgarria izan zitekeela pentsatu nuen.

Ezberdintasun ugari dago hirietan zona urdinari dagokiolarik; hiri batzuetan, adibidez, beste batzuetan baino hiru aldiz garestiagoa da. Aparkatzeko tokia aurkitzeko behar den denborari dagokionez, hiri batzuetan, batez beste, bi minutu behar diren bitartean, beste batzuetan 25 minutu baino gehiago behar izaten dira. Bestalde, prezioari erreparatzen badiogu, Bartzelona dugu, dudarik gabe, garestiena: 2,3 euro orduko. Merkeena, aldiz, Murtzia: 0,5 euro orduko. Aparkatzeko behar den denbora kontuan hartuz gero, denbora gehien Granadan beharko dugu lekua topatzeko, batez beste, 26 minutu; denbora gutxien, aldiz, Sevillan (2 minutu baino ez). Hemen azaltzen diren emaitzak Espainiako 18 hirigunetan (Alacant, Bartzelona, Bilbo, Kordoba, A Coruña, Donostia, Gasteiz, Granada, Iruñea, Logroño, Madril, Malaga, Murtzia, Oviedo, Sevilla, Valentzia, Valladolid eta Zaragoza) burutu den ikerketa bati esker eskuratu dira.

ParkimetroaAurreko hariari jarraituz, behin autoa aparkatuta dugula, ordaintzeko unea iristen da. Ordainketa parkimetro izeneko aparatuen bidez egiten da. Gailu hauek ere aztertu dira, euren txukuntasun eta funtzionamendu alderditik eta gehienek gainditu dute. Dena den, Granada, Logroño, Malaga eta Sevillako aparatuek ez dute gainditu, batzuek zikintasunagatik eta, beste batzuek, funtzionamenduagatik. Beraz, parkimetroen, batez bestekoa, egokia izan da alor guztietan.

Artikuluaren bidez, beste kolore batzuetako zonak daudela jakin nuen: berdea, laranja eta gorria. Nahiz eta hirigune guztiek ez duten bereizketa hau, horri buruz hitz egingo dizuet.

Zona berdea: tokiko kideentzat, hau da, bertan etxebizitza dutenentzat. Denbora gehiagoz izan dezakezu zure autoa aparkatuta zona hauetan eta diru gutxiago ordaindu. Bartzelonan, Bilbon, A Coruñan, Granadan, Iruñean, Oviedon eta Sevillan dago zona mota hau. Alacantek ere badauka, baina bere tarifak goizean eta arratsaldean ezberdinak dira.

Zona laranja: Sevillan, Iruñean eta Zaragozan aurki ditzakegu; erabilera, ordea, hiruretan ezberdina da. Zaragozan, bertako bizilagunei aparkatzea erosoago egiteko; Iruñean, bizilagunentzat eta baita gertuko dendarientzat ere (44 euro urteko). Azkenik, Sevillan, nahi duzun denbora guztian utz dezakezu kotxea eta prezioak murritzagoak dira.

Zona gorriak: denbora oso laburreko zonak dira eta, ordaintzeko orduan, parkimetro berezi batzuetan egin beharko da.

GarabiaAutoan ipinitako txartelak jartzen duen denbora gainditzen baduzu, isuna izateko aukera ugari duzu. Dena den, hirien baitan aukera hori ugaritu edo murriztu egiten da.  Alacanten, Iruñean eta Gasteizen, esate baterako, denbora gaindituta zuten hamar autotatik bederatzik ez zuten isunik jaso. Valentzian eta Granadan, ordea, egoera berberean hamarretik lauk isuna jaso zuten. Azpimarratzeko da, halaber, hainbat kasutan garabiaren beharra izaten dela auto batek txartelik ez duelako edota denbora gainditu duelako. Horrelakoetan, autoa bueltan jaso ahal izateko, batez beste 99 euro ordaindu behar izaten dira.

Ondorioz, ahal dugun heinean, ez dugu denbora hori gainditu behar. Aitzitik, autoa utzi baino lehen, kalkulu batzuk egin eta behar den dirua ordaindu beahrko genuke denbora soberan izateko.

Aurreko guztia kontuan izanda, garbi dago hiri batzuk beste batzuk baino askoz ere garestigoak gerta dakizkigukeela. Nire ustez, dena den, hori ez da oso egokia; izan ere, hiriburu guztietan berdin ordaindu beharko litzatekeela iruditzen baitzait.

Flickr-eko argazkiak Google Maps edo Earth-en uztaila 19, 2008

Egilea: magic Atala : Jakintzaren Planetan , iruzkinak itxita

Tira, oporretan gaude eta azalpen txiki bat besterik ez dut eman nahi. Ea ulertzen didazuen.

Flickr-eko argazki bilduma bat zure Google Earth edo Google Maps-en kokatu nahi duzu? Bada, jarraitu pausu hauek:

  1. Kokatu nahi duzun albumak, geolokalizatuta egon beharko du
  2. Kopiatu zure argazki bildumaren ID zenbakia
  3. Webgune honetan horretarako duzun eremuan itsatsi
  4. Azpian agertzen diren parametroak zehaztu
  5. “KML file” edo “Open in GoogleMaps” hautatu
  6. KML fitxategia jaisten baduzu, zuzenean, Google Earth-en ikusi ahal izango duzu
  7. Google Maps-en irekitzeko ehautatzen baduzu, zuzenean bertan irekiko zaizu

Gero, zure mapa horiek zure blogean argitaratu nahi badituzu, bi hauek dira jarraitu beharreko pausuak:

Google Earth

  1. Jaitsi duzun KML fitxategia zure zerbitzarira igo
  2. Fitxategi horren helbidea kopiatu
  3. Web honetan horretarako duen eremuan itsatsi
  4. Fitxategia kargatu
  5. Mapa zentratu eta zoom egin zure gustura utzi arte
  6. “Set center & zoom” botoia sakatu
  7. “Generate embed code” botoia sakatu
  8. Ematen dizun kodea kopiatu eta zure gunean itsatsi
  9. Voila! mapa zure gunean daukazu
  10. Zure irakurleei Google Earth Browser plugina instalatu beharko dutela ikusi ahal izateko gogorarazi

Google maps

KML fitxategiaren helbidea Google Maps-en itsatsi eta mapa irekiko zaizu. Orain, goazen ikustera zer egin beharko dugun gure gunean argitaratzeko mapa hori.

  1. Maparen gainean (eskuinaldean), “Link to this page” irakur daiteke, bada bertan klik egin
  2. Bi aukera agertuko zaizkizu:”Paste link in email or IM” maparen esteka lortzeko eta “Paste HTML to embed in website” zure gunean mapa txertatzeko
  3. Azken kode hori kopiatu eta zure gunean itsatsi
  4. Mapa hori zure gunean kokatuta daukazu

Bai, badakit bestelako bideak erabil daitezkeela mapak erakusteko, baina hau oso erraza eta praktikoa iruditu zaidanez, hementxe zabaltzea otu zait.

Ah, ahaztu zait, urtero bezala, gure ikastola hankaz gora daukagu egiten ari garen obrekin. Jangela eta Areto berriak egiten ari gara. Aretoa lehenago aterpe bat genuen tokian kokatuta egongo da eta horko argazkiak dira mapa hauetan jarri ditudanak.

Bukatzeko, aukera hauei aplikazio didaktiko ezberdinak ikusten dizkiet eta horra hor, bat batean, bururatzen zaizkidanak:

  • Euskal herriko flora edo faunaren (edo beste edozein gauzarena) mapa ekoiztu: irudiak atera eta mapan kokatu, taxonomia landu…
  • Mapa historikoak ekoiztu: gertakari historikoen guneak kokatu, informazio osagarria sartu…
  • Mapa kulturalak ekoiztu: museoak, kontzertuak, eraikin historikoak…
  • Ibilbide ezberdinen mapak ekoiztu: mendiko bideak, antzinako galtzadak, bidegorriak…
  • Geografikoak: ibaien ibilgua, mendiak, lautadak…
  • Gune industrialak: lan sektoreak, produkzioa, populazio banaketa…
  • … eta bururatzen zaizkigun gainontzeko guztiak

Ikaskuntzarako oztopo bat zara uztaila 19, 2008

Egilea: magic Atala : Jakintzaren Planetan , iruzkinak itxita

Mezu hau irakurri nuenean, IKTeroak blogean argitaratu behar nuela pentsatu nuen. Baina itzulpenak egiten, bistan da, oso txarra naiz eta nagikeriak jota “aparkatuta” utzi nuen. Aste honetan, berriro aurkitu dut artikulu honen aipamena eta gaztelerara itzulita. Horrekin, berriro animatu naiz eta, azkenean, hementxe duzue artikuluaren itzulpena.

Esperientzia berrien aurrean ikuspegi zabala ez baduzu, ikaskuntzarako oztopo bat zara. Ematen duzuna baino gehiago hartzen baduzu, ikaskuntzarako oztopo bat zara. Ikaskuntza metaforak bertan behera uzteko, besteen ideiak gutxiesteko edo eraso pertsonalak burutzeko (pasibotasun - oldarkortasun maila edozein izanik ere) ahotsa altxatzen baduzu, ikaskuntzarako oztopo bat zara. Esanahiak eztabaidatzen denbora asko ematen baduzu, ikaskuntzarako oztopo bat zara. Zure ikasleak euren lanen jabe ez badira, ikaskuntzarako oztopo bat zara. Hitzaldiak antolatzen badituzu eta hizlarien aurkezpenak hiru hilabeteko aurrerapenarekin eskatzen badituzu, ikaskuntzarako oztopo bat zara. Zure lana gorrotatzen baduzu, ikaskuntzarako oztopo bat zara. Balio handiko ezagutza metatzen ari bazara eta argitaratzeko aukera egoki baten zain bazaude, ikaskuntzarako oztopo bat zara. Kontsumitzen baduzu, baina ez baduzu ekoizten, ikaskuntzarako oztopo bat zara. Zure ikasleen ikaskuntza prozesuari traba eginez, zure esku dauden tresnak erabiltzeari uko egiten badiozu, ikaskuntzarako oztopo bat zara. Legeak dioena hitzez-hitz betetzen baduzu, ikaskuntzarako oztopo bat zara. Zure akatsak onartzen ez badituzu, ikaskuntzarako oztopo bat zara. Zerotik abiatzen ezin baduzu, ikaskuntzarako oztopo bat zara. Zure ikasleek ikasi dutena, euren gogoko komunikazio tresnak erabiliz, adierazi ezin badizute, ikaskuntzarako oztopo bat zara. Zure ikasleei nola ikasi nahi duten inoiz galdetzen ez badiezu, ikaskuntzarako oztopo bat zara. Irakastea kontrolatzea dela pentsatzen baduzu, ikaskuntzarako oztopo bat zara. Tresna berri bat probatzea ikasle baten begiradaren dirdira baino gehiago atsegin baduzu, ikaskuntzarako oztopo bat zara. Zure blogaren irakurleak, Twitter-eko jarraitzaileak edo Facebook-eko lagunak zure harreman pertsonalak baino esanguratsuagoak bazaizkizu, ikaskuntzarako oztopo bat zara. Kritikatzen eta barrenak husten animatzen eta inspiratzen baino denbora gehiago pasatzen baduzu, ikaskuntzarako oztopo bat zara. Zure buruaz barre egiten ez badakizu, ikaskuntzarako oztopo bat zara. Zure curriculuma “loditzeak” zure gaitasunentzat lanpostu egokiago bat bilatzea baino garrantzi gehiago badu, ikaskuntzarako oztopo bat zara. Mundu honetan diruarengatik edo ospearengatik bazaude, ikaskuntzarako oztopo bat zara. Zure erakundetik kanpoko jendea laguntzeko egunero bost minutu hartzeko gai ez bazara, ikaskuntzarako oztopo bat zara. Beste pertsonekin konektatzea beharrezkoa ez dela pentsatzen baduzu, ikaskuntzarako oztopo bat zara. Hobeto ikasteko modu bakar bat besterik ez dagoela pentsatzen baduzu, ikaskuntzarako oztopo bat zara. Gauzak frogatu ordez, pertsona batek dioena, duen ospearengatik, sinesten baduzu, ikaskuntzarako oztopo bat zara. Soluzioak eskaini edo aholkuak bilatu gabe kexatzen bazara, ikaskuntzarako oztopo bat zara. Ikaskuntzarako oztopo bat bazara, mesedez, kendu erditik, gutako batzuk lanean jarraitu nahi dugu eta.

Irakaslearen benetako ahotsa uztaila 19, 2008

Egilea: jolaus Atala : Jakintzaren Planetan , iruzkinak itxita

Lap Tup-niquim: idazmahai digitala uztaila 17, 2008

Egilea: magic Atala : Jakintzaren Planetan , iruzkinak itxita

Sanbaren lurraldetik idazmahai digital honen berri jaso dugu. Orain arte, arbela digital interaktiboa, tablet PC, eramangarri txikiak… genituen, baina proiketu berri honen ideia ez da batere txarra. Zertarako traste gehiago gelan? Ordenagailu bihur ditzagun gure idazmahaiak.

Albistearen inguruko xehetasun gehiago La flecha egunkari digitalean. Jarraian, bideo bat jarri dizuegu zertaz ari garen hobeto ikusteko.


Social media in plain basque uztaila 16, 2008

Egilea: magic Atala : Jakintzaren Planetan , iruzkinak itxita

Itxi
Bidali postaz