Nabegaziora joan

2007-08 ikasturtea gaur bukatzen da uztaila 16, 2008

Egilea: koro Atala : Jakintzaren Planetan , iruzkinak itxita

Hemendik ordu erdi batera, Batxilergo 2. mailako tutoreek azken txandako Hautaproben notak jasoko dituzte Donostian eta, berehala, dagokien irakasleei eman. Orain arte bezala, dena ondo joango den itxaropenean gaude, baina horrela ez balitz izango, animo! Izango dira beste aukera batzuk!

Hemendik aurrera, gure ikasleek inoiz baino gehiago pentsatu beharko dute etorkizunean. Urte mordoxka ikastolan egin eta gero, bide berri batzuk urratzera doaz. Zorte on denori!

Hementxe utziko dizuet aurten Ohorezko Matrikula lortu duten ikasleen argazkia eta azken Jakintzazurako egin zuten elkarrizketa. Zorionak Eñaut Agirre eta Eneko Novori.

Ondo pasa oporrak!

Kaixo, bikote. Lehenik eta behin, zorionak! Zer bururatzen zaizue helduei “Ez da giro gaur egungo gazteekin!” entzundakoan?

Eñaut: “Ez zait iruditzen helduek benetan halakorik pentsatzen dutenik. Agian, hainbat gauzatan harrituko ditugu, onerako zein txarrerako, baina esaldi hori ohituraz esaten dutelakoan nago. Berdin-berdin entzun genezake esaldi hori poztasunean zein haserrealdian, besterik gabe esaten duten seinale. Azken batean, belaunaldi guztiek berdin jokatzen dugu gaztaroan”.

Eneko: “Momentuko haserrea adierazteko besterik ez dela iruditzen zait. Egungo gazteak beste belaunaldietakoak bezain kapazak edota kapazagoak gara, gehienbat baliabide gehiago ditugulako. Ziurtasun osoz esango nuke esaldi famatu hau historian zehar heldu guztiek esan dutela noizbait”.

Duela egun batzuk Hautaprobak izan dituzue. Erronka handia izan al da zuentzat? Zergatik?

Eñaut: “Lekuz kanpo dagoela iruditzen zait. Erronka bat da, noski, baina hutsala. Norberak erakutsi beharrekoa urtean zehar erakutsia du eta ez dut uste hiru egunetan halako azterketak egin beharko liratekeenik. Hutsala eta gogorra aldi berean! Kontzentrazio handia eskatzen baitu orain ikasi beharra izateak”.

Eneko: “Guztiz bat nator Eñautekin. Hiru egunetan egindakoa ez da bi urtetan egin dugunarekin konparagarri. Erronka? Medikuntza egin ahal izateko media ateratzea besterik ez da, nik pertsonalki hori dut buruan. Lasaitasunez  hartu eta listo”.

Biak medikuntza! Zer dela eta? Nondik datorkizue zaletasuna?

Eñaut: “Egia esan, ez dakit zergatik. Agian, giza gorputzaren funtzionamendua ulertzeak betidanik erakarri nauelako izango da. Onartu behar da ikasketa gogorrak direla, baina uste dut “bokazioa” izanez gero, lan benetan atsegina behar duela”.

Eneko: “ Zaletasuna? Egia esan, familia gauza bat da gehienbat. Ama medikua, anaia medikuntza egiten… Eragina nabarmena izan da eta hori jendeari laguntzeko gogoarekin elkartuz, izugarrizko gogoz ekingo diot etorkizunari”.

Bi urtez geroztik ikastolan. Oroitzapen aipagarririk bai?

Eñaut: “Hamarnaka oroitzapen datozkit burura, onak gehienak, ezbairik gabe. Txiki-txikitako oroitzapenik ez dut, baina behin San Inazion hasi ginenetik tarte bikainak pasatu ditugu. Gogoan ditut, adibidez, klasean izaten genituen zapaburuak, Zuazako irteerak…Eta, noski, lagunak ere bai. Gelakide bikainak izan ditugu eta baita irakasleak ere. Horixe da oroitzapenik onena”.

Eneko: “Hainbat oroitzapen datozkit gogora, momentu onak eta txarrak. Urte luze hauetan aipagarriena ikasle-irakasle arteko erlazio ona eta ikaskideen laguntasuna. Ikaragarria izan da! “Table tennis School”  eta horrelakoak betiko geldituko dira memorian. Hemendik urte batzuetara irribarretxo bat eragingo didate, hori da ikastolatik atera dudan gauzarik aipagarriena”.

Ohorezko

Oporrak! uztaila 15, 2008

Egilea: jolaus Atala : Jakintzaren Planetan , iruzkinak itxita

Thatquiz, norberaren aprendizaia eta memoria lantzeko sistema interesgarria uztaila 15, 2008

Egilea: jolaus Atala : Jakintzaren Planetan , iruzkinak itxita
thatquiz

Matematika jorratzeko gune interesgarri bezain erabilerraza da Thatquiz. Izena eman ondoren irakasleak aukera izango du gelak eta frogak oso modu errazean sortzeko. Konpetentzietan oinarritutako hezkuntza eredu berrian, ariketen errepikapen soilean oinarritutako jarduera hauek ikasleguztiekin, modu orokorrean erabiltzea, lekuz kanpo dagoela iruditu arren, egia da zenbait ikasleekin errefortzu bezala, horrelako ariketak eskura izatea ondo etortzen dela. Zer iruditzen zaizue zuei?

Informazio gehiago: Zirikteroak

Babilonia - JOAN MARI IRIGOIEN uztaila 14, 2008

Egilea: mbarreiro Atala : Jakintzaren Planetan , iruzkinak itxita

Irigoien Durangoko AzkoanJoan Mari Irigoien Altzan (Gipuzkoa) jaio zen 1948. urtean. Gaztea zenean futbolean aritzen bazen ere, ingeniaritza ikasketak egin zituen; horrez gain, irakaskuntza eta itzulpengintza arloak jorratu izan ditu. Joan Mari Irigoienek olerkigintza eta nobelagintza generoak landu izan ditu, edonola ere, bi generoetatik nobelagintza izan da ospea ekarri diona idazleari. Bestalde, bere bizitzan zehar lan handia egin du eta baita sari batzuk irabazi ere. Hauek dira berak idatzi dituen obrak: Oilarraren promesa, 1973. urtean publikatua. Bi urte geroago, Hutsetik esperantza olerki bilduma kaleratzen du Irun Hiria saria lortuz. 80. hamarkadan, hiru lan argitara ematen ditu: 1983. urtean, Poliedroaren Hostoak; 1987an, Udazkenaren balkoitik eta, hamarkada honi amaiera emateko, Euskadi saria lortzen du nik aukeratu dudan liburuarekin, hots, Babilonia nobelarekin 1989. urtean. 1991. urtean, Denborak ez zuen nora olerki bilduma plazaratzen du eta urtebete geroago, Lur bat haratago nobela. Idazle benetan oparoa, azken urteetan argitaratzen jarraitu du, Ipuin batean bezala (2002) eta Odolean neraman (2004) izan dira bere azken lanetako batzuk (egin klik hemen denak ikusteko).

Datu horiek eta liburuaren azalak, ordea, ez ninduten konbentzitu, baina, tira, edertasuna barnean dagoela esan dezaket. Egia esan, liburu asko gainbegiratu ondoren, nire etxeko apalean azken errenkadan zegoen liburu hau ateratzea erabaki nuen.

Babilonia genero narratiboari dagokio eta XVIII. mendeko Karlistaldietan kokatzen da. Artean, Euskal Herrian bi talde nabarmentzen ziren lehia bizian: euskal foruak defendatzen zituzten karlistak, eta Espainiako konstituzioaren alde borrokatzen zuten liberalak. Istorioaren gizarte-egoerari dagokionez, baserri inguruetara mugatzen da. Bertan maiorazkoa zegoen, hau da, familia bateko seme zaharrenak ondasun guztiak oinordetzan hartzen zituen eta normalean beste seme-alabak Ameriketara joan edota fraide-moja sartzen ziren.

Adierazteko moduari dagokionez, egileak deskribapenak eta elkarrizketak txandakatzen ditu; beraz, ez dago gailentzen denik. Azpimarratzekoa da liburuaren une batzuetan autoreak garai hartako bertso batzuk sartzen dituela istorioari bizitasuna emanez.

“…neroni ez naiz jabe
nire bihotzaren;
gaxua preso daukat
amorioaren…”

BabiloniaNobela honek Bedania izeneko herri txiki batean dauden bi baserrien historia kontatzen du. Babilonia eta Moabe San Juan eta San Antonio mendien artean dauden bi baserri dira. Horregatik, istorioa bi zatitan banatuta dago: batean, Moabeko Margarik Lurruspeko Marirekin izaten dituen elkarrizketak azaltzen dira, eta, bestean, Babilonia baserrian dauden gertaerak.

Margari, Moabeko biloba gazteena da. Gauero Lurruspeko Marirekin amesten du eta berarekin elkarrizketak izaten ditu. Bestetik, Babilonian Trinido, Feliziano, Kaxiano eta Klemente anaiak bizi dira euren guraso eta osabekin. Babiloniako Ziprianok maiorazkoa aukeratu behar duen egunean, Feliziano Bedaniako apaizarekin haserretzen da, ondorioz, Felizianoren aitak, maiorazkoa zein jaso behar duen erabakitzeko arazoak izaten ditu; izan ere, Trinido eta Feliziano anaia bikiak baitira. Horietatik Feliziano da zaharrena; halere, Ziprianok Trinido aukeratzen du oinordekotzat. Feliziano ondorioz, bere osaba Demetriorekin gerra karlistadetara joaten da karlisten alde borrokatzeko. Bere osaba Demetrio hiltzen denean, hirira joaten da bertan lana egiteko. Liberal batekin hasten da lanean eta handik urtebetera Ameriketara joaten da. Bitartean, Moabeko Margari eta Babiloniako Trinido ezkondu egiten dira.

Feliziano Ameriketatik oso aberats bueltatzen da bertan emakume zahar batekin ezkondu eta gero. Bere anaia Trinidoren baserrira abiatzen da eta bere lurretan trenbide bat jartzeko asmoa dutela azaltzen dio. Une horretan bertan hasten dira bi anaien arteko ika-mikak.

Lagun minak ziren Babiloniako Gabriela, Zipriano Garayalderen ama, Trinido eta Felizianoren amona, eta Moabeko Roxali.Babilonia eta Moabe Bedaniako baserririk zaharrenak ziren.Banderizoen garaian dorretxea izan zen Babilonia, baina orduko triskantzak eta gero ere jasotako aldaketak medio, beste itxura bat hartuz joan zen, mende bakoitzak bere ezaugarri bereziak itsatsi nahi balizkion: aldaketa eta berrikuntza hoerien artean gari-errota bat zegoen, XVIII. mendearen erdialdean edo ipinitakoa.Moabe, aldiz, aldaketa gutxi izan zuen mendeetan zehar, denbora bertako horma zaharren artean izozturik bailegoan.Bedaniarren esanetan oilar batek behiala kukurrukua Lurruspeko aitzuloan jo eta haren kantua Babilonia eta Moabeko sukaldeetan, bietan batera entzun zen.Horregatik ziren lagun minak Gabriela eta Roxali.

Egunak joan, egunak etorri, Trinido gerra karlistara joaten da liberalen aurka borrokatzeko. Margari, beraz, Babilonian geratzen da. Egun batean Margari loreak biltzen ari dela, Feliziano agertu eta Margari behartzen du haurdun utziz. Trinido gertaera horretaz ohartzen denean, bere anaiaren aurka borrokatzen du eta hil egiten du. Margari erotu egiten da eta sabelean daukan haurra, jaio bezain laster, ito egiten du. Trinido gerran hiltzen da.

San Juan gau batean, Margarik, Andra Mariko iturrira bidaltzen du ura biltzera Kaxiano, Trinidoren anaia. Kaxiano Babiloniara bueltatzen denean, baserria sutan aurkitzen du eta bertan Margari ere. Margari hil egiten da eta bizirik ateratzen den bakarra Kaxiano da. Babilonia desagertu egiten da eta bertan Miserikordi Etxea eraikitzen dute.

Atzo erori zen, bai, Babilonia, baina orain kamelia zuri bat daukat pizturik oroimenean, kamelia eder bat…

Zu eta su.
Zsu, Margari…

Garbi ikus daitekeen bezala, istorio honen pertsonaia nagusienak Margari, Feliziano eta Trinido dira. Margari neska alai eta pentsakorra da. Bere helburu nagusiena lurra hartzea izan ohi da. Gauero hilda dagoen bere amona Roxalirekin hitz egiten du sutondoan eta, gazteagoa zenean, Lurruspeko Marirekin berriketan ibiltzen zen. Honen senarrak, Trinidok, Babiloniako maiorazkoa jasotzen du eta bere lanetan saiatzen den pertsona da. Indartsua eta kementsua, bere baserria aurrera ateratzeko saiakera guztiak egiten ditu. Bedaniako karlisten kapitaina izandakoa, bere helburua bere anaia Felizianoren trenbidea txikitzea da. Feliziano, ordea, nahiz eta Trinidoren anai bikia izan, guztiz desberdina da. Bere xedea gero eta diru gehiago izatea da, bere ustez diruaren bitartez dena lortzen baita. Handizale eta harrokeriaz betetako pertsona da. Txikitatik arlo guztietan bere anaia gailendu nahi izan du.

Istorioa kontatzen duten narratzaileek ikuspuntu desberdinetatik narratzen dute, eta oro har orojakileak dira. Batetik, Lurruspeko Mari daukagu; Margarirekin hitz egiten duenean bigarren pertsonan kontatzen ditu gertaerak, ikusten duen guztia azalduz. Beste batetik, Trinidoren anaia daukagu, Kaxiano, alegia. Honek, Babilonian gertatzen diren jazoera guztiak kontatzen ditu. Zeharka bere sentimenduak azaltzen ditu. Azken narratzailea ez da istorio barruko pertsonaia bat, kanpoko narratzaile orojakile bat baizik. Orokorrean, istorioaren haria jarraitzeko laguntzen duen narratzailea da.

Irigoienek nobela honetan erabili duen idazteko modua nahiko konplexua dela esan daiteke, metafora asko erabiltzen dituelako batik bat. Aipatzekoa da, halaber, hika eta zuka maisuki tartekatzen dituela bere pertsonaien ahotan. Egia esan behar badut, pertsonalagoa iruditzen zait horrela idaztea eta horrek gogoz irakurtzera bultzatu nau.

Nobelaren atal guztiak ondo analizatu ondoren, zera esan dezaket: ni neu egilea izango banintz, ez nuke istorioa bi zatitan antolatuko. Bi zatitan banatuta egotean, bi istorio desberdin daudeneko itxura hartzen duelako. Gauzak horrela, Babiloniaren historia kontatuko nuke eta Margari Trinidorekin ezkontzen den unean hasiko nintzateke Margari eta Lurruspeko Mariren elkarrizketak sartzen. Bestetik, ez nuen espero istorioak harrapatuko ninduenik. Egia esan, oso aspergarria izango zela uste nuen; izan ere, azalari erreparatuz, kamelia txuri horrek ez baininduen batere erakarri hasieran. Baina, liburuan murgildu ahala, nire iritzia aldatzen joan zen. Gainera, hikaren erabilera izugarri gustatu zait, horrek nortasuna ematen baitio liburuari. Horrez gain, nobelaren hainbat ataletan bertsoak tartekatzea oso egokia iruditu zait, Euskal Herriko kulturaz hitz egiten duenez gero, bertsoak ipintzea ezinbestekoa dela uste baitut.

Horiek guztiak kontuan hartuz, nire ustez, norbaiti Euskal Herriko historia gustatzen bazaio hauxe da irakurri behar duen liburua; izan ere, aurreko ataletan aipatu bezala, istorioa gerra karlistetan kokatzen da eta zuzen-zuzenean Euskal Herriko kulturan barneratzen da. Bestetik, egia da kanpotar batek liburu hau irakurriko balu, agian, ez lukeela ulertuko zehatz-mehatz liburuaren mamia. Dena den, hain zehatzak dira ematen dituen deskripzioak, non edozein irakurleri erraza egiten zaion egileak adierazi nahi duena ulertzea. Bukatzeko, esan beharra dago, metafora ugari dituen liburua izan arren, muina era egokian ulertzeko aukera ematen duela, istorioaren funtsarekin eta hitzen edertasunarekin irakurlearen gozamena lortuz.

Egin klik hemen liburu honi egindako beste kritika bat ikusteko.

ECOOGLER ETA AMAZONA uztaila 12, 2008

Egilea: deabru Atala : Jakintzaren Planetan , iruzkinak itxita

Kaixo irakurle maitea, gaur “Ecoogler” bilatzaileari buruz idatzi dizut.

“Ecoogler” google-ren bilatzaile berria da, eta egiten den bilaketa bakoitzeko hosto bat lortzen da 10.000 bilaketarekin= arbol bat (Ori guztia amazonan arbolak landatzearekin dago lotuta). Eta horrela Amazonasa arbolez betetzea lortuko dugu.

Ecoogler-era  sartu nahi baduzu, klikatu helbide honetan: http://www.ecoogler.com/

Google Sightseeing gazteleraz uztaila 10, 2008

Egilea: jvr24 Atala : Jakintzaren Planetan , iruzkinak itxita

Notizia bikaina: Google Sightseeing, Google Maps bitartez, munduko “curiositateak” bilatu eta aurkitzeko lekurik onena, jadanik gazteleraz.

Baita ere iragartzen dute beste bi hizkuntzen gehikuntza, alemaniarra eta nederlandera. Jada, sei hizkuntzetan aurkitu genezake.

Informazio gehiago | Microsiervos

Nola editatu edozein web orrialde uztaila 9, 2008

Egilea: jvr24 Atala : Jakintzaren Planetan , iruzkinak itxita

Edozein web orrialde nabigatzailetik editatzeko nahikoa da ondorengo kode hau helbide-barran idaztea, behin orrialdea kargatu dela.

javascript:document.body.contentEditable=’true’; document.designMode=’on’; void 0

Ondoren, aldatu edo ezabatu nahi den orrialdearen zati edo elementua hautatzen da, eta jadanik orrialde pertsonalizatua egin dezakezu.

Dena den ez du erabilgarritasun handirik. Zer esanik ez, argitalpena zure ordenagailuan gordetzen dela, eta ez web zerbitzarian, hala eta guztiz ere, ez dugu ideia txarrekin erabili behar.

Informazio gehiago | Microsiervos

Sektak guk uste baino gertuago uztaila 9, 2008

Egilea: icrehuet Atala : Jakintzaren Planetan , iruzkinak itxita

Orden del Templo sektaGaur egun, gero eta gehiago dira erlijio baten inguru edo esparruan sorturiko talde eta mugimenduak. Baina zergatik jaiotzen dira? Zoritxarrez, hauetariko gehienak engainatzea eta manipulatzea dute jomuga nagusia, eta jende multzo baten egoera emozionala erabiltzen dute etekina ateratzeko.

Ezer baino lehen, sekta hauen sorrera azpimarratzekoa da. Mugimendu hauek betidanik jardun dute, baina XX. mendetik aurrera nabarmendu dira eta, tamalez, badirudi “modan” jartzen edota zabaltzen ari direla.

Bestalde, pertsonalitatea hondatzen duten talde hauek kaptazio sistema ugari erabiltzen dituzte jendea engainatu eta mugimenduaren barnean sartzeko. Batzuetan, taldea buruhauste guztien irtenbide antzera azaltzen dute, edota, lehen aipatu bezala, pertsona baten baldintza emozionalaz baliatzen dira ahalik eta etekin gehiago ateratzearren. Hasiera batean dena oso polita eta zoragarria irudikatzen dute, baina ondoren hasiko dira diru eskaerak eta manipulazio psikologikoak.

Ildo beretik jarraituz, ez dago eurenganatuko dituzten pertsonen profil zehatz bat; hau da, edozein izan daiteke mugimendu hauen atzaparretan eror daitekeena. Baina, dena dela, ugariagoak izaten dira egoera psikologiko zailak igarotzen ari diren pertsonak edota familia arazoak dituztenak. Azken hauek, sekta bigarren familia bezala ikusten dute, hau da, arazo guztietatik irteten lagunduko dien lagun-talde bat legez, eta horretaz baliatzen dira alderdi higuingarri horietako buruak.

Ku-klux-klanGainera, talde iruzurti hauek gizakiarengan utz ditzateken eraginak edo ondorioak izugarriak dira. Aipagarrienak, autoestima falta eta errudun sentimendua dira; hala ere, arazo psikologiko ugari ere agertzen dira. Baina ez hori bakarrik, horrelako talde iruzurgileek familia asko hondatzen dituzte: senitarteko bat erakartzean, pertsona honek alde batera uzten du familia eta bere ekintza guztiak sartu berri den mugimendura bideratzen ditu. Aurreko guztia gutxi balitz, pertsona hauek aportazio ekonomiko izugarriak egiten dituzte sektetara, ekarpen hauek mugimenduari lagunduko diotelakoan.

Bestalde, sektak mota ezberdinetan sailkatzen dira, bakoitzaren funtzioaren arabera. Egun, bost multzo ezberdin bereiz daitezke: erlijiosoak, politikoak, psikoterapeutikoak, komertzialak eta apokaliptikoak. Hauetatik erlijioarekin lotutakoak dira ezagunenak eta jendetsuenak, baina guztiak dira kaltegarriak.

Amaitzeko, hona hemen gaur egun ekinkor dauden sekta batzuen izenak: Adventistak, Zientziologiaren eliza, Mahikari, Sekta satanikoak, Unifikazioaren elizaSai Baba, Era berria, Reino de dios… Kontu handiz ibili eta ez zaitezte sekta gorrotagarri hauen atzaparretan erori. Jakinaren gainean zaudete!

Bideoa ikusten jarraitzeko: 2, 3 eta 4.

Pioneer eta 400Gbyte-eko Blu-ray diska uztaila 8, 2008

Egilea: jvr24 Atala : Jakintzaren Planetan , iruzkinak itxita

400 Gbytes, 400!!!, 16 kapatan. Honelako sakonera duen disko bat sortzeaz gain, Panasonic honelako diskak irakurri ditzazkeen Blu-ray irakurle bat sortu du. Oraingoz, ez da gai grabatzeko, baina bai irakurtzen ditu Blu-ray disko normalak.

Informazio gehiago |  Gizmodo

Edupunkiak al gara? uztaila 6, 2008

Egilea: magic Atala : Jakintzaren Planetan , iruzkinak itxita

Profesor Potachov

Edupunk hitza, aspaldi honetan etengabe aipatzen ari da irakaskuntzarekin zerikusia duten blog interesgarrienetan. Zalantzarik gabe, adin bat daukagunontzat, oso erakargarria egiten zaigu termino berri hori, baina zer dago horren atzean?

Edupunk terminoa oso berria da, izan ere, Jim Groom-ek maiatzaren 25ean erabili zuen estreinakoz. Bere idatzi horrek arrakasta handia izan zuen, baina Chronicle of Higher Education artikulua aipatu zutenean, oihartzun handiagoa lortu zuen eta jende gehiagorengana iritsi zen. Une horretatik aurrera, bi eztabaida lerro nagusitzen ari dira: batetik, etiketaren beraren egokitasunaren inguruan sortutakoa eta etiketaren atzean dauden aspektu politiko eta sozialen ingurukoa, bestetik. Zalantzarik gabe, azken hori da interesgarriena.

Zehatzagoak izateko, Groomek termino hori erabili zuen enpresa batzuek egiten duten web 2.0ko aplikazioen erabilpenaren aurka. Enpresa horiek, erabiltzaileok sortutako baliabide , ideiak eta ezagutza “paketeetan” bildu, litzentzipean jarri eta ikaragarrizko prezioan salgai jartzen dituzte. Bere kritika Blackboard etxearentzat zen, baina beste etxe askorentzat berdin-berdin izan zitekeen. Nolanahi ere, nik uste dut kritika horren atzean zerbait gehiago adierazten dela: formatu itxiek ez dute lekurik amesten dugun irakaskuntzan. Gora OER!!!

Tekonologia ez da neutroa eta enpresa horiek euren merkatu kuota edo boterea eskuratu nahi duten bezala, guk beste eztabaida edo hausnarketak sustatzeko erabil ditzakegu eta erabil beharko genituzke. Eta hortxe dago kakoa. Non kokatzen dugu gure burua? Zein da gure rola gizartearekiko? Etikaren ikuspegitik, zein izan behar du gure jokabidea? Onargarria da argitaletxe eta erakunde batzuek egiten dutena? Euren jokoa jarraitu behar al dugu?

Gai honen berri izan nuen lehen momentuan ez nuen uste horrenbeste hauts harrotuko zuenik, baina oso eztabaida interesgarriak sortzen ari dira eta ideia oso deigarriak irakurtzen ari naiz hortik zehar. Nik ez dakit edupunk edo edupop naizen, baina oso garbi daukat gertu sentitzen dudala hortik zehar esaten ari dena.


Itxi
Bidali postaz